Doako sarrera izango da asteburuan San Telmo museoan
San Telmo Museoko erakusketa bat. Iker Azurmendi Larunbatean Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta San Telmo museoan doako sarrera eskaintzeaz gain, bi ardatzek egituratuko dute Museoen Nazioarteko Eguneko egitaraua. Alde batetik, hilaren 18an eta 19an, elizan garatuko den proposamen sortzaile eta parte hartzailea, eta bestetik bisita gidatuak eta musika eta dantza emanaldiak.
Lehenengoari dagokionez, edizio honetako berritasun gisa, eliza gune bizia bihurtuko da asteburuan, non bisitariak benetako protagonistak bilakatuko diren, museoaren, bere ondarearen eta Erronkak programan lantzen diren gizarte erronken inguruan dituzten iritzi eta esperientziak partekatuz. Serten mihiseek eta XVI. mendeko margolanek apaintzen duten eliza gune irekia bihurtuko da, familiek, taldeek, kolektiboek edo norbanako bisitariek museoarekin, haren ondarearekin eta jarduerarekin dituzten begiradak partekatzeko.
Bigarren ardatzari dagokionez, larunbatean bisita gidatuak eta musika emanaldiak eskainiko dira. Gainera, hainbat bisita gidatu antolatu dira larunbatean, euskaraz eta gaztelaniaz, bai museoa bere osotasunean ezagutzeko eta bai espazio edota erakusketa zehatzetara hurbiltzeko. Bisita hauek guztiak doakoak izango dira, baina aldez aurretik webgunean erreserba burutu beharra dago.
Larunbatean, Francisco Escudero kontserbatorioko gitarra elektrikoko eta baxuko ikasleen musika emanaldiak izango dira klaustroan (11:00 eta 12:00), sarrera librea izango da jarleku guztiak bete arte.
Emanaldien egitaraua, gainera, asteburu horretatik haratago zabalduko da. Maiatzaren 25ean musika eta kantu emanaldiak izango dira elizan, Francisco Escudero kontserbatorioko ikasleen eskutik. Eta ekainaren 15ean dantza emanaldiak eskainiko dira Udal Musika eta Dantza Eskolako ikasleen eskutik, euskal dantza, dantza garaikidea eta klasikoarekin. Bi kasuetan sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik webgunean erreserba burutu beharko da.
Museoen Nazioarteko Egunaren egitarau berezi honi buruzko xehetasun guztiak webgunean kontsulta daitezke.

