Marrus eta Uba bideetan espaloiak egitea eskatzen zuen alegazioa onartu dute
Uba bidean espaloia egitea onartu dute. Alkolea parkearen transformazio azpiestazioari eta eta Martuteneri buruzko hiri antolamenduko plan orokorraren aldaketa puntuala onartu du Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak, alegazio bat onartuz. Alegazio horren arabera, udalak espaloiak eraiki beharko ditu Marrus eta Uba bideetan.
Udalak Alkolea parkeari buruz formulatutako dokumentuaren helburu nagusia da eraikin berri bat eraikitzea lursailean. Eneko Goia alkateak Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, transformazio instalazioaren erabilera osagarri gisa eraikiko dute eraikin hori, Gipuzkoako hornidura elektrikoko sareko bulegoak eta beste zerbitzu orokor batzuk zentralizatzeko ahalmena izango duena, gaur egun lurralde horretan banatuta dauden horien unitate txikiak ordezkatzeko. Horrela, egiten duen zerbitzu publikoa nabarmen hobetzea espero du udalak.
Sestra gaineko hiru altuerako eraikin bat egitea planteatzen da —beheko solairua, lehen solairua eta bigarren solairua—, 4.500 metro koadroko azalera eraikia izango duena bulego eta bestelako zerbitzuetarako. 1.500 metro koadroko azalera izango du solairu bakoitzak: behekoa ibilgailuak uzteko eta biltegi erabilera emateko izango da, lehenengoa aparkalekua izango da eta bigarrenean bulegoak egongo dira.

