«Liburu bat zer garaitakoa den jakin daiteke nola koadernatu duten ikusita»
Lanbideaz pasioz hitz egiten du Jimenez de Aberasturik: «Enkargu bakoitza desberdina da, eta denak dira bereziak; pasio berarekin koadernatzen dut inkunable bat edo familia baten argazki albuma».
Egunkari txondorrak dauzka pilatuta tailerrean. Helena Jimenez de Aberasturi (Donostia, 1971) koadernatzailea da. Donostiako Aizkorri kale ezkutuan dauka tailerra: «Antiguan auzo txinatarra deitzen zioten lehen kaleari; prostitutak ibiltzen ziren, baina orain biziberritzen ari da. Egunkariekin atzeratuta nabil». Donostiako Liburutegi Nagusiko hemerotekarako koadernatzen ditu egunkariak, tartean BERRIA. Donostia Kulturan, berriz, ikastaroak ematen ditu. Lanak gaurtik ekainaren 15era bitartean egongo dira ikusgai Liburutegi Nagusian.
Gaur zabalduko duzue erakusketa.
Eduardo Txillidari omenaldi txiki bat egin nahi izan diogu bere jaiotzaren ehungarren urteurrenaren harira. Ikasleek haren obra hartu dute ardatz koadernaketak egiteko. Gauza ederrak atera dira.
Zuri etxetik datorkizu liburuen lilura, ezta?
Aitatxik, Nicolas Jimenez de Aberasturik, liburu denda bat zuen Donostian: Easo. Eta aitak, Juan Carlos Jimenez de Aberasturik, Txertoa argitaletxea sortu zuen. Niri eskulanak gustatzen zitzaizkidan, eta aitak esan zidan koadernatzen probatzeko. Madrilera joan nintzen ikastera. Florentzian [Italia] liburuak zaharberritzen ikasi nuen.
Urtero joaten zara Parisera…
Aitona liburu bereziak erostera joaten zen; hemen aurkitu ezin ziren liburuak erostera. Meza liburuekin akordatzen naiz. Bonaparte hotelera joaten zen, eta ni ere hara joaten naiz. Aita Casterman argitaletxean aritu zen ikasten, Tintin liburua argitaratu zuen argitaletxean, eta bolada batez hotel horretan bizi izan zen.
Txarnela da tailerraren izena.
Txertoa izena ezin nuen erabili; Elkarren esku geratu zen. Antzeko izen bat bilatu nahi nuen, eta Txarnela topatu nuen; liburuaren parte bat da: txanga.
Elkarrizketa hau Berria-tik ekarri dugu CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.