Gipuzkoako pilota egokituko txapelketako finala jokatuko dute larunbatean Donostian
Donostiako Atano III.a udal pilotalekuan, lehen aldiz, Gipuzkoako pilota egokituko txapelketako finalak jokatuko dira larunbat honetan, 10:30etik aurrera. Bertan, gurpil aulkiko zazpi pilotarik eta adimen urritasuna duten 24 pilotarik parte hartu dute, hainbat herritan jaialdiak eginez.
Larunbat honetan hiru final jokatuko dituzte Atanon, 25 tantora. Liga gorriko paleta eta teniseko pilota modalitatean, Iñaki Divasson zarauztarra eta Leire Esnal zumaiarra, Sheila Cueto donostiarraren eta Xabier Villar zarauztarraren aurka lehiatuko dira. Liga urdineko finalean Luis Zulaika zumaiarrak eta Eneko Sagarmendi mutrikuarrak, Erik Gaton donostiarraren eta Jurdan Arakistain zestoarraren aurka jokatuko dute.
Bestalde, finaletako hirugarrena gurpil aulkiko pilota modalitateari dagokio. Bertan, Joseba Lasa lesakarra eta Beñat Lizaso oiartzuarra arituko dira batetik, eta Leire Troitiño zarauztarra eta Asier Navaridas sunbildarra bestetik. Lehen aldia da emakume bat modalitate honetako finalerako sailkatzen dela.
Final hauetan Gipuzkoako lau taldeek parte hartzen dute: Zumaia, Zarautz, Errenteriako Mindara eta Donostiako Kemen.