Igarotako bidearen kronologia bat

1,4 milioi euroko superabitarekin itxi du udalak 2023a

Kerman Orbegozo Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotzia eta Eneko Goia alkatea, prentsaurreko batean.Aitor Odriozola Zubillaga

2023ko udal aurrekontuaren likidazioa aurkeztu du Kerman Orbegozo Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotziak, eta, azaldu duenez, 1,4 milioi euroko superabitarekin amaitu du urtea, “behin 2024ko ekitaldira 186 milioi euro gehituta, hirian inbertsioak egiten jarraitzeko. Eta diru kopuru hori 2024rako aurreikusita dauden inbertsioei gehituko zaio”.

Beste urte batzuetan baino superabit txikiagoa izan du aurten udalak, Orbegozok azaldu duenez, likidaziotik 59,7 milioi euro Loiolako kuartelak erosteko desbideratu direlako. Hala ere, gaineratu du 2023ko likidazioak erakusten duela udalaren finantza egoera “orekatua” dela eta, ondorioz, ez dagoela “finantza oztoporik 2024rako aurreikusita dauden jarduketa guztiak egiteko”.

Bestalde, aurkeztutako likidazioa soilik udalaren aurrekontu ekitaldiarena da eta, beraz, ez ditu kontuan hartzen udalaren mendekoak diren hamalau elkarteak. Elkarteek kontuak administrazio kontseiluetan aurkeztuko dituzte.

Diru sarrerak eta gastuak

Orbegozok azaldu duenez, udalaren diru sarrerak 2022an baino zortzi milioi euro handiagoak izan dira 2023an, bereziki, Udalak Finantziatzeko Foru Funtsetik datorren diru sarrera aurreikusitakoa baino zazpi milioi euro handiagoa izan delako; funtsetik 166 milioi euro jaso ditu guztira. Bestalde, tasei eta zergei dagokienez, aurreikusitakoa baino milioi erdi gehiago jaso du udalak OHZtik, eta 0,9 milioi euro gehiago IAEtik. ICIOtik, Hondakinen bilketaren Tasatik eta TAOtik, aldiz, aurreikusitakoa baino 0,1; 0,3 eta 0,3 milioi euro gutxiago jaso ditu udalak, hurrenez hurren.

Gastuei dagokienez, iazko ekitaldian gastu arrunta aurreikusitakoa baino 40,6 milioi euro txikiagoa izan da —1,2 milioi langile gastuan, 18,7 milioi funtzionamendu gastutan, 20,6 milioi diru laguntzatan eta 0,01 finantza kargan—.

HITZAkide HITZAkide