80 ekitaldi antolatu ditu Musika Hamabostaldiak abuzturako
85. Musika Hamabostaldia aurkeztu dute ostiral goizean Kursaalean. Ohiko legez, egitarau zabala izango du, eta, aurten, Txillida eta Basterretxea omenduko ditu.
Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendaria, prentsaurrekoan.Beñat Parra Abuztuaren 1etik 30era izango da 85. Musika Hamabostaldia, eta gaur goizean egin dute aurkezpena, Kursaalean. Uda, emadazu musika izango da aurtengo leloa, eta mota askotako 80 ekitaldi programatu dituzte: tokiko abesbatzak, nazioartekoak, ekoizpen propioak, nazioarteko izarrak, opera, haurrentzako ekitaldiak, dantza, eta abar. Bestalde, Eduardo Txillida eta Nestor Basterretxea artistak omenduko dituzte, biak duela ehun urte jaio baitziren, 1924an; biek, gainera, jaialdiko kartelak egin zituzten euren ibilbideetan zehar. Patrick Alfaya zuzendariak azaldu duenez, 2.327.000 milioi euroko aurrekontua dauka aurtengo Hamabostaldiak, iaz baino 100.000 bat euro gehiagokoa hain zuzen ere, abonamenduen eta sarreren salmentak gora egingo duela aurreikusten dutelako, besteak beste.
Prentsaurrekoan nabarmendu dutenez, “bidaiak eta exotismoa” ildo tematikoak ehunduko du aurtengo programazioa: “Argumentu hori topatuko dugu, esaterako, Bizeten Carmen operan, Saint-Saënsen Kontzertu egipziarra emanaldian eta beste hainbat obra sinfonikoetan edo Arantzazun leku hartuko duen emanaldian; Hamabostaldirako berariaz diseinatu den proiektu horretan, Abraham Cupeiro musikari galiziarra Eñaut Elorrieta, Oreka TX eta Agus Barandiaranekin elkarlanean ariko da aurrenekoz”, azaldu du Alfayak.
Bestalde, musika koralaren presentzia ere nabarmena izango da aurten, tokiko abesbatzekin —Easo abesbatza eta Donostiako Orfeoia, esaterako— zein nazioartekoekin: Bach Collegium Japan eta Cappella Mariana formazio txekiarra etorriko dira, besteak beste. Era berean, nazioarteko izar batzuek ere bisitatuko dute jaialdia, hala nola, Riccardo Chaillyk, Ivan Fischerrek, Gustavo Gimenok, Sol Gabettak, Patricia Kopatchinskajak eta Alexandra Dovganek.
Ekoizpen propioen aldeko apustua ere egingo du aurten Hamabostaldian: “Carmen operaren bertsio berri bat, Egia ala geRuza haurrentzako operaren estreinaldia, dantza garaikidearen esparruko sorkuntza egonaldi berri bat eta enkarguzko bi musika pieza berriren estreinaldiak aurkeztuko ditu”, azaldu du zuzendariak. Musika emanaldi solteez gain, dantza emanaldiak eta hainbat ziklo ere antolatu dituzte. Egitarau osoa jaialdiaren webgunean kontsultatu dezakezue.
Sarreren salmenta orokorra hilaren 21ean, asteartean, abiatuko da, goizeko 11:30etan; jaialdiaren webgunearen bidez zein Kursaaleko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan eskuratu ahal izango dira sarrerak. Alfayak nabarmendu du “prezio lehiakorrak” mantentzearen aldeko apustu nabarmena egin dutela aurten ere: “Chailly ikusteko sarrerek, normalean 96 euro inguru balio dute, eta, hemen, sarrera garestienak 70 euro balio ditu”. “Prezio oso lehiakorrak izateaz gain, Kursaaleko ziklo sinfonikorako sarrerak 11,60 eurotik gora, Hamabostaldiaren eskaintzaren zati bat doakoa da. Doan izango dira Inaugurazio Eguneko kontzertuak (Kursaal Auditorioko kontzertua izan ezik), organo zikloko kontzertu guztiak eta Tabakalera Dantzan eta Hamabostaldi Ibiltariko hitzordu batzuk. Gainera, 30 urtetik beherakoek Ordu Gaztea baliatu dezakete: 3 euroko sarrerak erosi ahal izango dituzte Kursaal Auditorioan eta Viktoria Eugenia antzokian”, gaineratu du.


