Baimenak dantzan, zalapartaren ostatuan
Heriz pasealekuko Koisi ostatuak arazo ugari eragin ditu 2016an ireki zutenetik. Biltegi izan beharko litzatekeen gunea festarako terraza gisa baliatu du ostatuak. Orain, kontrol mozio baten bitartez, eremuaren legezkotasun falta azaleratzea espero dute bizilagunek.
Koisi ostatuaren aldameneko eraikin grisean dago terraza gisa erabiltzen duten lokala.Olatz Balda Zortzi urte dira Heriz pasealekuko bizilagunek arazoak dituztela lo egiteko, atseden hartzeko eta etxean lasai egoteko. Zortzi urte dira, etengabeko zarataren aurrean, bizilagunek isiltasuna erregutzen dutela leihoetan eta atarietan eskegita dituzten kartelen bitartez. Zortzi urte dira, babes instituzionalaren faltan, modu bateratuan antolatu eta udaleko legezko zurrunbiloetan kateatuta gelditu zirela: ez atzera, ez aurrera, eta, bien bitartean, zaratarekin etengabe.
Zortzi urteko borroka horretan, aurkari nagusi izan dute Heriz pasealekuko 38 zenbakiko Koisi ostatua. Duela urte batzuk, inork gutxik pentsatuko luke Antiguako mojen komentu lasai horretan ezkon aurreko agur festarik egingo zenik, edo ehunka turista, musika eta alkohola lagun, aldapa horretako bizilagunen amesgaizto bilakatuko zirenik. 2016an ireki zuten Koisi ostatua, eta hasieratik nabaritu ziren aldaketak inguruan: «Trafiko gutxiko kalea izan da beti, eta bat-batean, maleten desfile bat bilakatu zen, horrek dakarren zaratarekin. Talde multzo handiak izaten ditu, eta barruko ataria txikia denez, jende andana biltzen da joan-etorrietan eta gauez, parrandara abiatu behar direnean», adierazi du Heriz pasealekuko Luisa Sole Simo bizilagunak.
Halako establezimendu batek inguruan sor dezakeen zarataz harago, establezimenduaren baimen faltak eta aldameneko lokal baten legez kanpoko erabilerak eragin du ostatuaren eta bizilagunen arteko ika-mika: «Ondoko lokalean mahaiak eta aulkiak jarri zituzten, terraza gisa erabiltzeko, debekatuta dagoela jakinda. Autoarekin buelta eman eta goiko aparkalekuetara sartu ahal izateko baino ezin dute erabili».
Ostatuari itsatsita dagoen eraikinean dago lokala, eta eraikinaren hiru solairuetako bat hartzen du osorik. Teilatu baxukoa da, eta isolamendurik ez duenez, eremuak berariaz eragiten du soinu ororen oihartzun handia: «Erreberberazio itzela du inguruak, eta barruko burrunba guztia ateratzen da kanpora», azaldu du kale berean bizi den Marije Manterola Iribarrek.
Bizilagunek azaldu dutenez, 1995ean, enpresa eraikitzaileak inguruko etxeetarako aparkaleku gisa sortu zuen eremu hori eta aldameneko komentuan bizi ziren mojei erabiltzen utzi zien, biltegi gisa: «Eraiki zutenetik, baina, mojek bazekiten legez kanpokoa zela lokal hori, eta eraitsi egin beharko zutela, solairuaren zabalerak aldameneko eraikinarena gainditzen zuelako», azaldu du Solek. Edonola ere, oso egoera txarrean eta inolako erabilpenik gabe mantendu zuten urte luzez.
Aldaketa nabarmenena 2016an iritsi zen, aldameneko komentua erosi zutenean, ostatuaren jabeek lokalari probetxua atera nahi izan ziotelako: «Lokala txukun jartzeko eskaera helarazi zitzaien udaletik, baina hasieratik argi adierazi zieten gune hori biltegi edo aparkaleku gisa erabili zezaketela soilik», adierazi du bizilagunak.
Urteetako borroka
Antiguako auzokideen arabera, baina, ez hasieran, ez ondoren igarotako kudeatzaile eta jabeek ez diote jaramonik egin udaletik jasotako mezuari, eta egun kudeatzen duen Libere Hospitality Group enpresak ere entzungor egiten jarraitzen du. Horren adierazle dira pasealekutik ikus daitezkeen argiak, eta ostatuaren webguneko irudietan ageri diren aulkiak eta barra mantentzen dira: «Hasieran, egunero erabiltzen zuten 08:00etatik 23:00ak arte, gosariekin, bazkariekin eta ezkondu aurreko agurrekin, eta egun ere lokalean biltzen dira asko», azaldu du Solek.
2017an, lokalaren erabilera okerra salatu zuten bizilagunek, eta horren ondotik azaleratu ziren osatuaren baimen faltak: «Frogatu genuen ostatuaren jabeek ez zutela jaramonik egiten eta, barruko erabileraz harago, lokal horren erabilera legez kanpokoa zela», adierazi du Manterolak. Horiek horrela, eremua 2018ko abuztua eta 2019ko urtarrila bitarte itxi zuten, baina irekierarekin bueltatu ziren zaratak: «2019an, irekitzeko baimena eman zitzaien, barruko baimenei oniritzia emanez, baina txostenean ondoko lokala aipatzen ez denez, horren erabilera ere egokia zela interpretatu zuten».
Geroztik, udal gobernuarekin eztabaidan aritu dira bizilagunak. Diotenez, urteak daramatzate lokalaren erabilera okerra frogatu nahian. «Salaketa jarri ondoren, udaletik esan ziguten udaltzainak bidaliko zituztela ikuskatzeko». Auzokideek adierazi dutenez, ordea, birritan bertaratu dira eta, bietan, 12:30ean: «Eguerdian etorri ziren, ordu horretan inolako arazorik egon ez denean».
Mozioaren itxaropena
Urte hauetan, Udaltzaingoari egindako 30 eta 40 dei artean zenbatu dituzte: «Udaltzainek lanaldi aldaketa izaten dute 22:00ak aldera, eta orduak pasatzen dira ingurura etortzen direnerako». Hala, agertzerako, festa giroa eteteko denbora dutela adierazi dute bizilagunek: «Musika jaisten dute eta, hortaz, ezin dute gutxieneko bost minutuko lagina hartu, ondoren neurtu ahal izateko. Hau adar jotze bat da», nabarmendu du Manterolak.
Hiriko turismo joera jarraituta, uda parteko arazo izatetik, urte osoko afera bilakatu daitekeela jakinda, bizilagunek ez dituzte euren aldarrikapenak eten, eta udalera iritsi dira beste behin; oraingoan, EH Bilduren eskutik. Oposizioko taldeak lokalaren itxituraren inguruan eta ostalaritza jardueraren inguruan galdetu zion Lurralde Garapen eta Plangintza Batzordean Nekane Arzallus Hirigintza Jasangarriko zinegotziari. Arzallusek ezeztatu egin zuen ostalaritza barra bat duenik, eta ukatu egin zuten ostalaritza erabilera oro.
Erantzun horien aurrean, arazoaren muinera jo du koalizio abertzaleak, eremua ez baita ostatuarena, eta egun egiten duten erabilerarekin, establezimenduak baimenduta dituen metroak gaindituko lituzkeelako. Horiek horrela, kontrol mozioa aurkeztu zuten apirilaren 19ko udalbatzarrean, eta azterketa topografiko zehatza egitea onartu zuten udal taldeek. Bizilagunak, bestalde, pozik agertu dira azken egunotako berriekin, eta hurrengo asteotan argituko dela jakinda, emaitzaren esperoan daude egun: «Ea egia den eta mozioarekin udala pixka bat mugitzen den, adierazi du Solek.



