«Surf parkea ez dute Antondegin jarriko»
Eneko Goia alkateak baieztatu du Martuteneko berdegunea landa eremu izendatuko dutela, HAPOaren berrikuspenaren aurrerakinak jasotzen duen moduan.
Antondegin ez dute olatu artifizialen parkerik eraikiko. Horrela baieztatu dute Eneko Goia alkateak eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan. “Ez, surf parkea ez dute Antondegin jarriko”, esan du Goiak. Horrela ere, Wavegarden enpresak azpiegitura hiriko beste lekuren batean jartzeko asmoari eusten dio.
Martuteneko berdegunean 3.000 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusten zuen 2010eko hiri antolamenduko plan orokorrak (HAPO). Ordea, HAPOaren berrikuspenaren aurrerakinak —behin betiko onartu gabe dagoenak— Antondegi landa eremu izendatzea aurreikusten du. Beraz, ez surf parkerik eta ezta etxebizitzarik ere.
Horren inguruan galdeginda, alkateak adierazi du udal gobernuak “aspalditik” alboratu zuela Antondegin etxebizitzak eraikitzeko proiektua: “Gainera, hainbat arrazoirengatik. Batetik, eredu gisa horrelako garapen bat egitea, nolabait, isolatuta geratzen dena, ez da oso gomendagarria. Bestetik, Donostiak duen etxebizitzak eraikitzeko ahalmena, kopuruari dagokionez, mugatua dago lurralde planeamenduen arabera. Guk erabili dugu bertan aurreikusten zen zenbaki hori beste gune batzuk garatzeko. Beraz, horiek egingo bagenitu, egin ditzakegun etxeen kopurua gaindituko genuke, eta lurralde planeamendua ez genuke beteko”.
Hain zuzen ere, Antondegin aurreikusitako etxebizitzak Altzako Auditz-Akular eremuan egitea hobesten du HAPOaren berrikuspenaren aurrerakinak. Gai horri buruzko erreportaje zabala argitaratu zuen iaz IRUTXULOKO HITZAk.