Urdaibaiko Guggenheim makroproiektuaren auziari buruz informatzeko hitzaldia, Grosen
Hitzaldia Guggenheim Urdaibai STOP plataformako kide den Eider Gotxik emango du, Groseko Okendo Kultur Etxean, astelehenean, 19:00etan.
Urdaibaiko Guggenheim makroproiektuaren auziari buruz informatzeko hitzaldia eskainiko du Guggenheim Urdaibai STOP plataformak, astelehenean, 19:00etan, Groseko Okendo Kultur Etxean. Plataformako kide den Eider Gotxi arituko da gerturatzen direnekin solasean, eta hitzaldia Satorralaia, Bizilagunekin, Haritzalde eta Ekologistak Martxan eragileek antolatu dute.
Urdaibai natura eta kultura aberastasun handiko ingurunea dela nabarmendu du plataformak, ohar baten bidez, eta orain, bi Guggenheim Museo eta honek beharrezkoak dituen azpiegitura eraikiz, “erreserba turismoa erakartzeko gune” bihurtu nahi dutela azaldu dute, “biosferaren bihotza okupatuz eta itzulezinak izango diren kalteak eraginez”.
Halaber, obra guzti hau diru publikoarekin egingo dutela ohartarazi dute, baina makroproiektu honek “herritarren bizi baldintzetan eta ingurumenean ondorio kaltegarriak” izango dituela mahaigaineratu dute.
Halaber, egitasmo honek Urdaibaiko ondare historikoa eta naturala “interes pribatuen mesedetan nabarmenki ustiatzeaz gain, Busturialdeako eskualdea turismora bideratu” nahi dutela diote. Hortaz, Donostia Defendatuz koordinadorak igandean deitu duen manifestazioaren biharamunean, donostiarrak hitzaldian parte hartzera animatzen ditu plataformak.