Igarotako bidearen kronologia bat

Olatu artifizialen parkea eraikitzekotan «inpaktu positiboa» izango lukeen leku batean kokatzeko eskatu du EH Bilduk

Antondegi Garbiñe Alkiza eta Markel Ormazabal zinegotziak, gaurko prentsaurrekoan.EH Bildu

Asteartean baieztatu zuten Eneko Goia alkateak eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak Antondegin ez dutela olatu artifizialen parkerik eraikiko. EH Bilduko Markel Ormazabal eta Garbiñe Alkiza zinegotziek agerraldia egin du gaur, eta udal gobernuak hartutako erabakiarekin erabat ados agertu dira. “Uste dugu albiste ona dela. EH Bilduk hasieratik defendatu zuen kokaleku hori ez zela egokia hainbat arrazoirengatik; beraz, zentzu horretan, zorionak eman nahi dizkiegu horren aurka mobilizatu ziren herritar guztiei”, adierazi du Ormazabalek.

 EH Bilduren iritziz, klima aldaketak aukera eman behar du Donostiaren garapen ereduak birpentsatzeko, “baliabide naturalen erabilerak xumeagoak izan daitezen”. Ormazabalek gogorarazi duenez, horretarako onartu zuen Donostiako Udalak Larrialdi Klimatikoaren Adierazpena 2020ko martxoan. Zentzu horretan, Antondegin surf parkea ez eraikitzea adierazpen horretan jasotzen diren puntuen norabidean doan erabaki bat dela adierazi du: “Udal gobernuak adierazi du azpiegitura hau Donostian jartzeko asmoz jarraitzen duela, eta kokaleku bat bilatzen jarraituko duela. Guk hasierako posizioari eusten diogu, eta ez dugu begi txarrez ikusten enpresak Donostian bere kokalekua edukitzea, noski, baina eskatzen dugu surf parkea inpaktu positiboa izango duen eremu batean jartzea”.

Era berean, zinegotziak gogorarazi du EAEko plan gidaritzan jasotzen denez, hiriek ezin dutela lurraren %45 baino gehiago artifizializatu, eta Donostiak lurraren %43 baino gehiago duela artifizializatuta dagoeneko.

Gerriko berdearen garrantzia

Antondegiko flora eta fauna osasuntsu mantentzearen inguruan ere aritu da Ormazabal. Nabarmendu duenez, 120tik gora hegazti mota behatu dira Antondegin. Horietako batzuk migrazioan, beste batzuk negua bertan igarotzen dute edota ugaltzera joaten dira. Badira, ordea, egoiliarrak direnak eta urte osoan bertan egoten direnak: belatza, hontza handia eta miru gorriak. Eta ugaztunak, beste horrenbeste: azeriak, azkonarrak, erbinudeak, lepazuriak, katajinetak, katagorriak, trikuak, muxarrak eta basakatua.

Azkenik, gerriko berdearen garrantzia eta horrek egunerokoan duen inpaktu positiboa balioan jartzea komeni dela adierazi du. “Naturak hirian duen presentziak biztanleriaren ongizate fisikoa eta emozionala bermatzen ditu. Ezin dugu naturagune gehiagorik galdu. Biodibertsitateari eutsiko badiogu, eremu natural horiek haien artean lotzen dituzten korridore berdeak behar ditugu», esan du Ormazabalek. Gainera, Antondegiko landa eremua da eta bertako baserriak babestu behar direla defendatu du.

HITZAkide HITZAkide