Xare Alvarezen 'Makurtu' erakusketa aurkeztu dute San Telmo museoan
Erakusketa laborategian izango da zabalik maiatzaren 25etik abuztuaren 25era bitarte, doako sarrerarekin, museoaren irekiera ordutegian.
Bosgarren ediziora iritsi da Artea abian proiektua 2024an eta aurten, Xare Alvarezen ‘Makurtu’ lana ikusteko aukera izango dute donostiarrek. Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak antolatutako erakusketa programa horrek sorkuntza garaikidea du erdigunean eta garapen fasean dauden artistei bultzada ematen die. Hala, aurten Alvarezek egin duen moduan, Nagore Amenabarrek, Oier Iruretagoienak, Kimia Kamvarik eta Mikel Otxotekok bere lanak aurkeztu dituzte proiektuaren baitan.
Alvarezen erakusketa askotariko materialekin egindako hamalau piezaz osatuta dago: ehunak, aluminio urtua, zeramika, eta paper gaineko tintak, besteak beste. Objektuak eta materialak metatzeko eta biltzeko ariketa batetik abiatuta, horiek denak manipulazio, jabetze eta testuingurutik ateratzeko prozesuen mende jartzen ditu.
Pieza horiek autonomiaz “arnasten” dutela iragarri dute antolatzaileek, baina haien artean sortzen diren loturei esker “ekosistema misteriotsu bat”sortzen dela: “Piezak organismo bizi bat iragartzen duen mugimendu aldakorraren bidez erlazionatzen dira”, iragarri dute. Alvarezen lan metodologiak ere prozesuaren organikotasuna biltzen du bere horretan, izan ere, geruzen moduan, elkarren jarraian ageri dira materialen elkartzea, eraldatzea eta osoko irakurketa baterako azken proposamena.