Ategorrietako sarraskia oroitu dute
93 urte bete dira gaur Ategorrietako sarraskia gertatu zenetik, eta hura oroitzeko martxa eta elkarretaratze bat egin zituzten larunbatean Ezker Anitzako eta PCEko kideek. Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu eta aste gutxira gertatu zen Ategorrietako sarraskia. 1931ko maiatzaren 27an Guardia Zibilak 34 eta 19 urte arteko zazpi langile tiroz hil zituen Ategorrietan, eta 33 zauritu baino gehiago eragin zituen. Pasaiatik Donostiara zihoazen manifestazioan, “ogia eta askatasuna” eskatzeko. Bestalde, astelehen goizean, EH Bilduk lore eskaintza egin du Ategorrietako erlojuan.
Izan ere, arrantzaleek atsedenerako egunak, soldatak handitzea eta portuko langileen baldintzak hobetzea eskatzen zieten armadoreei, eta horiek onartzen ez zituztenez, manifestazioa antolatu zuten Donostiara. Gobernu Zibilak ez zuen manifestazioa baimendu, eta guardia zibilak bidali zituen Ategorrietara, sarraskia eraginez.
Guardia Zibilak egun horretan tiroz hil zituen pertsonetatik sei galiziarrak ziren, eta bat Valladolidekoa (Espainia). Jose Carnes, Manuel Perez, Jose Novo, Antonio Barro, Julian Zurro, Jesus Camposoto eta Manuel Lopez ziren beraien izenak.
2021ean, Ategorrietako sarraskiaren 90. urteurrenean, gaiari buruzko erreportaje bat ondu zuen hedabide honek. Hemen irakur dezakezue.