Ricardo Etxepareren omenezko konferentziak eskainiko dituzte EHUren Udako Ikastaroak amaitzeko
Zabaldu dute Udako Ikastaroetan izena emateko epea.
Ricardo Etxepareren izena daraman ekimena aurkeztu dute Miramar jauregian. Ricardo Etxepareren izena daraman egitasmoa aurkeztu dute Miramar jauregian, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetako zuzendari izandakoaren izena eramango duen aretoa eta konferentziak izango baitira aurrerantzean.
Miramar jauregian atzo egin zuten ekitaldian Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoreak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Agustin Erkizia EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreordeak eta Itziar Alkorta Udako Ikastaroen zuzendari akademikoak hartu zuten parte.
Azaldu zutenez, Ricardo Etxepare Zugastiren (Irun, 1942-2021) ibilbide profesional luzea EHUrekin lotuta egon zen nagusiki; horrela, euskal unibertsitate publikoaren Udako Ikastaroen eta Donostiako EUITIren zuzendaria izan zen. 1980ko hamarkadaren hasieran EHUko Udako Ikastaroak bultzatu zituen sortu berri zen unibertsitatea euskal gizartera hurbilarazi asmoz, “eta unean uneko akademiko, intelektual, artista eta politikari garrantzitsuenen nahitaezko hitzordu izatea lortu zuen”.
Eva Ferreira EHUko errektoreak gogora ekarri zuenez, “Ricardo Etxepare irakasleak gizartearen interesekoak ziren gaiak eta adituak aukeratzeko intuizio ezin hobea eta arazoei aurre egiteko eta talde kudeaketarako gaitasun bikaina zituen. Bere ibilbidea dugu horren erakusle eta ekimen honen bitartez bere ekarpena aitortzeaz gain, Etxeparek berezkoa zuen bokazioari eta izpirituari segida emanez, ezagutzaren dibulgaziorako konferentzia sorta berezi bat abiatuko dugu”.
Ikerketa zientifiko eta teknologikoaren ezagutzaren transferentzia eta inpaktu sozialaren inguruko konferentziak izango dira, eta aldi berean, goi-mailako hezkuntzari, ingeniaritzetako prestakuntza dualari eta kalitatezko unibertsitate kudeaketari buruz aritzeko “espazio prestigiotsua” bilakatzea da xedea.
Eneko Goia alkateak Donostiako hiria zientzia, berrikuntza eta ezagutzan nazioarteko erreferente izateko bidean, Etxeparek izandako “intuizioa eta ekarpena” azpimarratu zituen agerraldian, eta, aurrerantzean Miramar jauregiko Errege Jangela aretoa Ricardo Etxepare izeneko konferentziak hartuko dituen areto gisa ezagutuko dela gaineratu du.
Ricardo Etxepareren omenezko lehenengo konferentzia datorren irailaren erdialdera ospatuko da EHUko Udako Ikastaroen klausurako ekimen gisa.
Udako ikastaroetan izena emateko epea zabalik
Udako Ikastaroak ekainaren erdialdean hasiko dira, eta irailaren amaiera bitarte ia 200 jarduera programatu dituzte. Ikastaro multzorik handiena Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Baionan egingo da, eta, hirietatik harago Arantzazu, Azpeitia, Balmaseda, Beasain, Bermeo, Gernika, Hondarribia, Lesaka, Ordizia, Plentzia eta Zaldibiara hedatuko da eskaintza.
Garaiko desafioak oinarri harturik, askotariko gaiak izango dira hizpide Udako Ikastaroetan. Ziklo estrategikotan ardaztu dira ikastaroak eta aurtengo eskaintzan bereziki nabarmendu dira Kultura eta Artea zikloari loturiko ikastaroak, hala nola Gizartea, Hezkuntza, Zientzia eta Teknologia, Osasuna, Zuzenbidea zein Ekonomia eta Enpresari dagozkionak.
Itziar Alkorta EHUko Udako Ikastaroen zuzendari akademikoak aditzera eman duenez, zabalik dago Udako Ikastaroetan izena emateko epea. Gizarte kolektibo desberdinentzat prezio bereziak eskaintzen dira. 25 urte arteko gazteei zuzenduriko eskaintza berezia dela-eta, adibidez, maiatzaren 31 baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango ikastaro bakoitzeko.

