Ander Cepasek urrea eskuratu du Taipeiko Irekian
19 urterekin, mahai tenisaren gorenera ari da iristen Ander Cepas. Hiru denboraldi daramatza goi mailan, nazioarteko txapelketetan dominak eskuratzen, eta indartsu iritsiko da abuztuko Paralinpiar Jokoetara. Parisko zitaren aurretik, indarrak gorde baino, argi utzi du posible duen oro irabaztera doala, eta hala egin du Taipeiko Irekian ere,urrearekin bueltatu baita etxera. “Ondo sentitzen naiz Pariserako, lanean jarraitzeko gogoa dut, %100 emateko eta nire lehen jokoez gozatu ahal izateko”, adierazi du.
Donostiarrak puntuak gehitu eta nazioarteko zerrendan posturen bat igotzeko asmoarekin iritsi zen Taiwanera -munduko hirugarrenera da egun–. Bada, emaitzak ikusita, bistakoa da aurretik trazatutako plana ondo baino hobeto bete duela. Cepas nagusi izan zen lehiaketan eta aise gainditu zituen lehen multzoko aurkariak.
Finalerdietarako sailkatu zen zuzenean, eta Dinesh Pitiyage esrilankarraren aurka irabazi zuen 3-0 (13-11, 11-9 eta 11-7). Finalean, berriz, Chen taiwandarraren aurka neurtu zituen indarrak, eta 3-0 irabazi zuen (11-2, 11-5 eta 13-11).

