Emakume batek Patxi Ezkiagaren sexu abusuak salatu ditu
Patxi Ezkiaga fraide eta idazle ezaguna Loiolako La Salle eskolan irakasle izan zen 20 urtez.
Haurra zela Patxi Ezkiaga idazle, irakasle eta fraide legorretarrak (1943-2018) sexu abusuak egin zizkiola salatu du Donostiako emakume batek. El País egunkariak Eliza katolikoaren baitan gertatutako sexu abusuei buruzko txostenean eman du biktimak lekukotza. Biktimak Marisol Zamora du izena, eta azaldu duenez, bere etxean bertan eta Loiolako La Salle ikastetxean erasotu zuen behin baino gehiagotan.
8 edo 9 urte zituela jasan zituen sexu erasoak lehen aldiz Ezkiaga Zamora familiaren laguna zen 1970eko hamarkadan, eta haien etxera joaten zen askotan. Horietako bisita batean erasotu zuen Zamora lehen aldiz, ilunpetan, diapositibak batzuk ikusten ari zirela. “Hankak zabalik eseri nintzen haren hanka baten gainean, eta denbora guztian belauna, ipurdia ukitzen zidan. Genitalak ere ukitzen zizkidan hankarekin, hanka igurzten zidan; igurtziren bat egon zedin mugitzen ninduen, edo bera mugitzen zen. Esku batean proiektorearen agintea zuen, eta bestearekin ukitzen ninduen”. Gurasoak gela horretan bertan zeudela adierazi du.
Hurrengo bost urteetan, Loiolako La Salle ikastetxeko bulegora joanarazi zuen, behin baino gehiagotan, eta gutxienez hamar aldiz erasotu zuen emakumea. Azkena 1982an izan zen, 13 urte bete zituen egunean. Bulegora deitu zuen eta oparia eman behar ziolakoan: “Magalean eseri ninduen. Bularrak ukitu zizkidan arroparen gainetik. Pixka batean hala egon zen, baina jaiki, eta zera esan nion: Hau azken aldia da; bestela, mundu guztiak jakingo du”.
Zamorak jakin badaki ez dela kasu isolatu bat izan, eta adierazi duenez berriki ezagutu ditu beste hainbat kasu. Emakumeak azaldu duenez, 42 urte behar izan ditu gertatutakoa kontatu eta publikoki salatzeko, epe luze horretan Ezkiaga goraipatu duten bitartean.