Ordutegiak murriztuko ditu Osakidetzak udan hainbat osasun etxetan
Osakidetzak Lehen Mailako Arretako zentroen ordutegiak murriztuko ditu udari begira, eta kasu batzuetan aste honetan bertan sartuko dira indarrean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako oharraren arabera, EAEko Lehen Mailako Arretako 339 osasun zentroetatik 155ek lanaldiak eta ordutegiak mantenduko dituzte, eta 72 zentrok itxiera ordutegia aurreratuko dute, kasu gehienetan 20:00etatik 17:00etara.
“Kalitatezko osasun laguntza profesionalen atsedenarekin eta negua gainditu ondorengo zerbitzu eskaera txikiagoarekin bateragarri egiteko” egin dituztela egokitzapenok adierazi dute osasun arduradunek.
Donostialdeako ESI-en ordutegi berriak
Bidebietako osasun etxea (08:00-15:00, uztailak 29-abuztuak 31). Eta 08:00etatik 17:00etara honako osasun etxeetan: Aiete (ekainak 22-irailak 20), Egia (uztailak 29-abuztuak 31), Intxaurrondo (ekainak 22-uztailak 26), Loiola (ekainak 1-irailak 30), Oiartzun (uztailak 8-irailak 13) eta Pasai San Pedro (uztailak 22-27 eta abuztuak 18-31).
Sindikatuak murrizketen aurka
ELA eta CCOO sindikatuek “murrizketak” salatu dituzte, “osasun zentroek ekipamendu osoarekin irekitzea bermatu gabe”. ELAk salatu duenez, uda honetan “murrizketak gero eta handiagoak dira, denbora tarte zabalagoa hartzen dute, eta osasun zentro eta etengabeko arretako gune gehiagori eragiten die”.
ELAren arabera, langileen “lan karga gehitzen” eta herritarrei “zerbitzua murrizten” jarraitzen du Osakidetzak, “Lehen Mailako Arretaren gabeziei aurre egiteko” planik gabe.
CCOOk salatu duenez, planteatzen den beste neurrietako bat “autokontzertazioa da, hau da, profesionalek, batez ere medikuek, aparteko orduak egitea falta diren langileak ordezkatzeko”.