1.600 pertsona pasatu dira EKINN proiektuaren eraikin berritik
EKINNek, Donostiako Berrikuntza eta Ekintzailetza nodo berriak, 100 egun bete ditu, eta dagoeneko, 1.605 pertsona igaro dira bertatik. Donostia Sustapenak nabarmendu duenez, iaztik, hirukoiztu egin dira ematen dituen arreta zerbitzuak.
EKINNen Ekintzailearen Bulegoak arreta eta orientazioa eskaintzen dizkie ekintzaileei eta euren proiektuei; horrez gain, arreta pertsonalizatuan oinarriturik, ibilbide bat ere diseinatzen die. Donostia Sustapenaren arabera, zabaldu zenetik, bulegoak 512 ekintzaile eta proiektu babestu ditu, eta aholkularitza eman die ekintzailetza tradizionalari zein berritzaileari.
Ane Oiarbide Ekonomia eta Bertako Enplegurako zinegotziak nabarmendu duenez, EKINNen aldeko apustua “jauzi kualitatiboa” da Donostia Sustapenaren zerbitzuak eta, zehazki, ekintzailetzaren eta enpresa proiektuen garapenari lotutakoak Donostiako herritarrengana eta, bereziki, gazteengana hurbiltzeko udalaren apustuan.
Zerbitzu motaren arabera, arreta jasotako ekintzaileen kopuruaren banaketa hauxe da:
Sentsibilizazioa eta prestakuntza
100 egunetan 127 gaztek jaso dute arreta, euren ekimen ekintzaile berriak garatu ahal izan ditzaten. Berrikuntzarekin eta ekintzailetzarekin lotutako gaitasunen sentsibilizazioaren, prestakuntzaren eta garapenaren aldeko Donostia Sustapenaren apustu hori batez ere lanbide heziketa zentroekin eta unibertsitateekin lankidetzan egiten ari da.
Orain arte, ekintzailetzari buruzko Mintegi Trinko batzuk egin dira, besteak beste, martxoan EHUrekin batera egindakoa edota apirilean Nazaret LH Zentroarekin batera egindakoa. Tokiko eta estatuko eragileekin lankidetzan, EKINN Akademiak prestakuntzaren arloko ildo berriak lantzeko aukera ematen du, hala nola gaitasunak garatzea, gai teknologikoei buruzko ezagutza (IA, datuen analitika, zibersegurtasuna…) birziklatzea eta hainbat esparrutako gaiak (lidergoa eta enpresen kudeaketa) sakonago lantzea.
Proiektuen bizkortzea
Proiektuak bizkortzeko emandako zerbitzuei dagokienez, nabarmentzekoak dira: EKINN+ proiektu berritzaileak bizkortzeko programarekin eta horien komunitatearekin lotutako hitzorduak; eta EKINN+ Osasuna edo EKINN+ Gastro programa sektorialak.
Konexioa
Tokian tokiko zein nazioarteko berrikuntzaren eta ekintzailetzaren ekosisteman sartuta dauden erakunde estrategikoekiko lankidetza eta konexioa indartzea da EKINN Nodoaren helburuetako bat, EKINNek espazio ireki gisa eta topagune gisa duen izaera indartzeko. 100 egunetan, EKINN egoitzan hamabost ekitaldi baino gehiago antolatu dira eta 541 pertsonak hartu dute parte.