Poesia eta Pentsamendua programaren 17. edizioa izango da aurtengoa, eta ekainaren 12an, errezitaldia eskainiko dute hainbat autorek Viktoria Eugenia Antzokiko Klub aretoan, 19:00etan. Donostia Kulturaren babesarekin, 2008an eman zioten hasiera ekimen honi Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategik. Urte hauetan guztietan hainbat poetek hartu dute parte jardunaldietan.
Musikaz lagundutako poesia errezitala izango da, Beñat Arruti, Oihane Zuberoa Garmendia, Iñaki Irazu, Aitor Kaltzakorta eta Yolanda Castañoren parte hartzearekin. Jon Makusoren biolinaren musikak osatuko du saioa.Gonbidapenak egunean bertan jaso ahal izango dira webgunean eta Viktoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, 11:30etik aurrera. Gehienez bi gonbidapen eskuratu ahal izango dira pertsona bakoitzeko.
Hona hemen poesia errezitaldian parte hartuko dutenen biografiak:
Beñat Arruti (Zarautz, 1999)
Euskal Herriko Unibertsitatean burutu zituen Psikologia ikasketak, Bartzelonara Ikerketa eta Esku-hartze Psikosozialeko Masterra egitera joan aurretik. Egun, adimen urritasuna duten pertsonekin ari da lanean, Zarauzko eguneko zentro batean. Literaturari dagokionez, Donostia Kultura VII. Poesia Lehiaketaren irabazlea izan da Arkeologia haragitan poema bildumagatik.
Oihane Zuberoa Garmendia (Erronkari, 1993)
Nafar Pirinioetako abeltzain familia batean jaioa, Filosofia ikasi zuen Donostian eta Literatura, Arte eta Pentsamenduko masterra Bartzelonan. Iruñea Hiria Nazioarteko Poesia Saria irabazi zuen bere lehen poema liburuarekin, Bidaia (h)ariketak (2020), eta ondoren Bi aldiz iraun (2023) argitaratu du. Horretaz gain, literatura eta filosofiari buruzko ikastaroak eman ditu, hainbat proiektu literariotan hartu du parte, eta beste hainbat literatura sari jaso ditu. Egun, filosofia irakasten du Nafarroako institutu publiko batean.
Iñaki Irazu Garmendia (Asteasu, 1954)
Asteasun jaio, nerabezaroa Andoainen igaro, Donostian Ekonomia ikasketak egin eta hamarkadak daramatza Bilbon bizitzen; bertan, euskara irakaslea da, eta idazle. Bere ibilbide profesional osoa darama poesia idazten, nahiz eta 64 urterekin argitaratu zuen lehen lana, Errukiaren saria (2018) izenburudun poema liburua. 2023an, Zakur Zaunkak liburua kaleratu zuen, poema narratiboak kasu honetan. Javier Muguruzak haren hainbat poema musikatu ditu.
Aitor Kaltzakorta Belaustegi (Lekeitio, 1981)
Euskal Herriko Unibertsitatean Kazetaritza ikasi zuen. Musika munduan, euskararen aldeko mugimenduetan eta beste hainbat herri mugimendu politiko, sozial eta kultural ezberdinetan aritua gaztetatik, hainbat urtez uztartu ditu kazetari lana eta kolaborazioak euskal komunikabideetan, eta komunikazio arduraduna izan da erakunde ezberdinetan. Literaturari dagokionez, aipatzekoa da 2018an Lasarte-Oriako Poesia Saria irabazi zuela, eta Euria zara-zara (2020) poema bildumarekin XX. Pasaia Hiria-Xabier Portugal literaturako lehen saria.
Yolanda Castaño Pereira (Santiago de Compostela, Coruña, 1977)
Azken Poesia Sari Nazionala, poetaz gain, itzultzaile, argitaratzaile eta kultura kudeatzaile independentea da. Hispaniar Filologian lizentziatu zen eta ikus-entzunezko ikasketak ere burutu zituen. Bere lana hamaika hizkuntzatara izan da itzulia: ingelesa, frantsesa, italiera, serbiera, mazedoniera, alemana, kroaziera, grekera eta txinera. Bestalde, kultura-kudeatzaile ere aritzen da, festibalak zuzendu ditu, poesia itzulketa tailerrak eta galiziar eta nazioarteko poetekin errezital-zikloak, bideo poesia… Telebistan ere aritua da eta zutabeak idatzi izan ditu Galiziako hainbat hedabidetan. Poesia erakusketak, poeten biografiak, ikerketa kritikoak Galiziako Poesia Garaikidearen gainean, itzulpenak… Olga Novorekin batera Valdeleite aldizkariko zuzendari izan zen eta 2007an Sargadelos arte-galeriakoa Coruñan. O puño e a letra (2018), Sementes viaxeiras (2019), Paleta Planeta (2021) eta Materia (2022) dira azken lanetako batzuk.