Gaurko egunez duela 40 urte, Joseba Elosegik ikurrina berreskuratu zuen Espainiako armadaren museotik
Joseba Elosegi, 1984ko ekainaren 6an, Intxarkundia batailoiaren ikurrina berreskuratzen. Sabino Arana Fundazioa Gaurko egunez duela 40 urte, 1984ko ekainaren 6an, Joseba Elosegi militante eta borrokalari abertzale donostiarra (1915-1990) Espainiako armadaren Madrilgo museoan sartu zen eta Intxarkundia batailoiaren ikurrina berreskuratu zuen. 36ko gerran, frankistek gudako trofeo gisa hartu zuten ikurrin hori. Argia-k ekarri du gogora efemeridea, bere efemerideen kanalean.
Elosegik ikurrina hartu, jakaren azpian ezkutatu eta museotik atera zuen. Ondoren, ez zuen inoiz argitu non zegoen ikurrina, baina Iñaki Anasagasti jeltzaleak 2013an bere blogean azaldu zuenez, aipatu batailoiko kapitaina Elosegiren “lagun mina” zen, eta “ziurrenik, berari itzuli zion”.
Elosegik Euskal Herriaren eta independentziaren alde borrokatzen pasatu zuen bizitza guztia. 36ko gerran, EAJko gudari gisa borrokatu zuen, eta espetxean eta erbestean egon zen hainbat urtez. Gerraostean, 1946an, ikurrin bat zintzilikatu zuen Artzain Onaren katedralean, eta, 1970ean, bere ekintza politikorik entzutetsuena egin zuen: bere buruari su emanda, Francoren aurrera jauzi egin zuen Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Gerora, Quiero morir por algo liburuan azaldu zuenez, Gernikako sua Francoren aurrera eramateko egin zuen ekintza hori. Hedabide honek Elosegiren ibilbide politikoa zein bere alderdi pertsonala errepasatu zituen 2021ean, haren seme Ales Elosegiren eskutik; ezezagunak ziren hainbat pasarte azaldu zituen elkarrizketatuak.


