Intxaurrondoko ideia jarraituz, Harria Apustua egingo dute Herreran
Hiru asteburu iraungo dute Herrerako jaiek, gaur hasi eta ekainaren 23an amaitzen diren arte. Berritasunez josita datoz, lagun berriak aurkeztu eta kuadrillen arteko desafioa egingo dutelako lehenengoz.
Herrerako Luisito eta Luisita erraldoiek hamar urte beteko dituzte aurten, baina jaietan data horri ez diote garrantzi berezirik emango, izan ere, beste berritasun bati eman nahi diote indarra auzoan. «Laguntxo berriak etorriko dira hemendik aurrera Luisitori eta Luisitari laguntzera Herrerako jaietan. Sorpresa bat da, baina haurren txupinazo egunean, ekainaren 15ean, izango dute auzotarrek honen inguruko informazio gehiago», azaldu du Ane Lazkanok, Herrerako jai batzordeko kideak.
Gainerakoan, programan ohiko egitaraua mantendu dutela adierazi du Lazkanok, baina aurtengo desberdintasun gisa, beste asteburu bat gehitu diete jaiei. «Horrek suposatzen du hiru asteburuko jaiak izango direla. Lehenengoa kirol asteburua da, eta hainbat final jokatzeko aprobetxatzen dugu, adibidez, bolo txapelketa edo Mozkor Frentekideon gizonezkoen eta emakumezkoen finalak», nabarmendu du.
Jaiak, ofizialki, ekainaren 13an hasiko dira, 19:00etan, txupinazoa botatzearekin batera. Jaiei ongietorria emateko, Herrerako bizilagunak dotore jantzita joango dira plazara, eta pintxo-potea egingo dute jarraian.
Haurren txupinazoaren egunean Luisitori eta Luisitari laguntzera etorriko diren laguntxo berriak aurkeztuko dituzte auzoan
Kontzertu handiak
Lazkanok azaldu du Herrerako jaietako kontzertuek ospe handia izaten dutela, eta aurten ere talde garrantzitsuak igoko direla oholtzara ekainaren 14an. 22:00etatik aurrera, Koma, Kaos Etiliko eta Deklibe taldeen kontzertuez gozatu ahal izango da auzoan.
Kontzertu horiez gain, haurrentzat ere musika ikuskizun potolo bat prestatu dute aurten, izan ere, ekainaren 15ean, Go!azen telesail ospetsuko karaokea antolatu dute, eta bertan izango dira telesaileko hiru aktore haurrekin eta familiekin abestiak kantatzeko prest.
Egun berean, gau partean, Elektro Buiaka eletrotxarangak girotuko ditu auzoko kaleak, eta gauerdian Bidean taldearen erromeria izango dute etengabe dantzan aritzeko.
Berritasunak, hirugarren asteburuan
Hirugarren asteburuan, Herrerako jaietako berritasun sorta bildu dute. Hilaren 22an, lehen aldiz, ardo dastaketa egingo dute eguerdian auzoko plazan. «Upategi desberdinek beraien ardoak ematea lortu dugu, eta horiek jarriko ditugu dastatzeko. Jaietako ardo kopa eskuratuta, hainbat ardo probatu ahal izango dira», azaldu du Lazkanok.
Hala ere, dastaketa ez da bere horretan geratuko, jaiak direla eta, dastaketarekin batera joko bat egingo dutelako. «Ardoa dastatzen dutenei zerrenda bat pasatuko diegu, eta ardo bat edaten dutenero, zein ezaugarri dituen zehaztu beharko dute. Gehien asmatzen dituena izango da txapelduna, eta ez dakit saririk egongo den, baina behintzat harro egoteko arrazoiak izango ditu», esan du, barrez.
Eta beste berritasun garrantzitsua egun horretan bertan egingo den Harria Apustua da: «Intxaurrondoko jaietako ideia hartuta, apustu bat egin zuten Herrerako kuadrilla hainbaten artean. Jaiak aprobetxatuko dituzte apustu hori egiteko, eta hiru kuadrillak 500 kiloko harria igo beharko dute Ederrena kalean gora». Apustu honetarako, kamiseta berriak atera dituzte, eta talde bakoitzak kolore desberdin batekoa eramango du. Beraz, ikuskizuna ziurtatuta izango da aurten ere Herrerako jaietan.
Hemen ikus dezakezue osorik Herrerako jaietako egitaraua.