«Kontraesankorra da estatu bat aitortzea, estatu hori suntsitzeen duen bestea zilegitzen duzun bitartean»
Gazte Koordinadorako Sozialistako kideek bi egun eman dituzte Artzain Onaren plazan. Asteazken arratsaldean zabaldu zituzten kanpin dendak katedral aurrealdearen lorategietan, eta bertan egon dira geroztik, genozidio sionista salatu eta haren konplizeak seinalatzeko.
Hiriko postaleko gune garrantzitsu batean kokatuta, bisitari eta hiritarren interesa piztu dute, eta jende andana bertaratu lehen lerroan jarritako informazio gunera. Bi eguneko aldarrikapenak eginda, bazkal ostean kanpaldia jaso dute arratsaldeko zazpietan Bulebarrean baitute —EHKS deituta— bi eguneko ekintzari amaiera emateko mobilizazio nagusia. Horren aurretik, Saioa Galarraga bozeramailearekin hitz egin dugu.
Bi egun daramatzazue Artzain Onean bilduta. Zein helbururekin iritsi zineten hona?
Asteazkenean hasi ginen kanpaldiarekin hiru ideia argirekin: alde batetik, palestinar herriari eta erresistentziari babesa adieraztea eta Israel Estatu genozida gaitzestea, eta bestetik, seinalatzea Europako Batasuna gatazkaren konplize dela.
Europa ez dago kanpotik begira, parte hartze aktiboa du eta argi ikusi dugu hori, Isralego enpresekin dituen loturetan, armak bidaltzean, eta maila honetako genozidio baten atzean, indar oso baten eta egitura askoz ere handiago baten babesa duelako Israelek.
Gure iritziz, mugimendu herritarren bitartez, eta askotariko fronteetatik egiten den presioaren bitartez lortuko dugu bakarrik Israelen aurkako neurri eraginkorrak hartu ahal izatea.
Zehazki, zer neurri aldarrikatzen ditu mugimendu sozialistak?
Guk irmo exijitzen dugu Israelen beraren suntsipena, uste dugulako benetako irtenbide bakarra dela palestinar herriari irtenbide bat eman ahal izateko eta herri gisa jarraitu ahal izateko.
Europako herrialde batzuek —Espainiako Estatua barne —Palestina herrialde gisa aitortu eta onartzea sinbolistatzat jo duzue.
Bai, etengabe Israelgo estatua zilegitzen aritu direlako, nahiz eta momentu batean Palestinako Estatua aitortu. Ez dugu aterabiderik ikusten horrekin. Are gehiago, kontraesankorra iruditzen zaigu estatu bat aitortzea, bien bitartean, estatu hori suntsitzen eta bertako biztanle bakoitza erailtzen, torturatzen, atxilotzen eta gosez hiltzen dagoen beste estatua bat zilegitzen duzun bitartean.
Azken astetan, gatazkak hartu duen dimentsioa dela eta, gobernu batzuk neurriak hartu dituzte, baina ez da kasualitatea hauteskunde bezperatan neurri horiek hartu izana. Europak ere badaki gizartea, oro har, minduta dagoela honengatik guztiagatik.
Bide horretan, beraz, ez duzue uste erakundeen aldetik zerbait aldatzerik dagoenik.
Forma desberdinetan bada ere, eta bakoitzaren interes txiki batzuei erantzuten dien arren, gobernuko alderdi politiko guztiek erantzuten dute, hein batean, Europak ezarrita duen agenda politikoari. Eta agenda politiko horretan ,hain zuzen, sartzen da genozidioa, gerra eta austeritatearen politiken ildoa ere.
Ikusten dugu muga nabarmenak dituztela alderdi politikoek, eta agendari erantzutera kondenatuta dauden bitartean keinu batzuk egiteko aukera dutela, baina esan bezala, betiere kontraesankorra dira keinuak: bi estatuen irtenbidea proposatzen dute.
Horren aurrean, zuen ekarpena egin duzue kanpaldiaren bitartez. Helburuak lortuta bederen?
Ikusi dugu kanpaldiak auziari ikusgarritasuna emateko aukera eskaini diola. Forma berri bat da, hiriburu erdian kokatu eta auzi hauek guztiak mahai gainera ekartzeko. Ehunka gazte bildu gara, bi gau oso pasa ditugu asteazkenetik. Oro har, gure egonaldian babes handia jaso dugu jendearen partetik, eta begi onez ikusi dute egin duguna.
EHKSk zazpietarako deitutako mobilizazioarekin amaituko duzue bi egunetako kanpaldia. Nola aurreikusten duzue arratsaldeko mobilizazioa?
Euskal Herri osoan zehar saiatu gara lurra hartzen, eta lanean aritu gara jende askorekin, eta hauteskunde bezperatan puri-purian dagoen gai bat dela kontuan izanda, eta benetako zentralitatea hartzen duela jakinda, jende dezente elkartzea espero dugu.
Zuk aipatu moduan, hauteskunde bezperatan egindako ekintzak dira hauek. Aurrera begira izango al dute jarraipenik?
Genozidioaren auziari dagokionez, aurten hartu duten garrantzia dela medio, ikasturte hasieratik daramagu mobilizatzen. Beste eragile batzuekin aritu gara, eta askotariko plataformetan parte hartzen.
Edonola ere datorren astean ere mobilizazioak deituta daude Palestinarekin Elkartasuna plataformatik CAF seinalatzen Goierri aldean, eta guk oraindik zehazteko aukerarik ez dugun arren, gure aldetik ere lanean jarraituko dugula iragarri dezakegu; jarraituko dugu kalean mobilizatzen, ekintza desberdinak egiten eta halako plataformetan parte hartzen.