Tabakalerako hiri altzarien diseinurako lehiaketako irabazlea aukeratu dute
'Replantearese para adaptarse' lana saritu du epaimahaiak.Tabakalera Tabakalerako hiri altzarien diseinurako Tabakalera-Baskegur sariaren epaimahaiak Maider de la Fuente eta Lucia Pardos Ariasen Replantearse para adaptarse egitasmoa saritu du, eta 2.000 euroko saria jaso du. Euskadiko Egurraren Elkartearekin eta EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoarekin lankidetzan deitu dute lehiaketa.
Lehen edizio honetan, hiru erakundeek osatutako epaimahaiaren iritziz, “egitasmo honetan proposamena –forma aldetik lasaia– eta ideien sakontasuna izan dira bereizgarriak. Ingurune guztia elementu bakarrarekin antolatzeko gaitasunak erakusten du heldutasun handia eta materialaren trataera egokia”. Adeitasun formalaz haratago, Replantearse para adaptarse lana prozesu integral baten emaitza da; egurren erabilera maximizatzen du, hondakintzat jo daitezkeen zatiei beste bizitza bat eskainiz. “Egitasmoan erabili diren fabrikazio digitalerako teknikak konbinatzeak agerian utzi dizkigu egurra erabiltzeko modu berritzaile berriak”, azaldu dute.
Replantearse para adaptarse egitasmoa Tabakalera eraikineko bigarren solairuko atondo izango den horretan jarriko da –egun Medialabeko atari gisa erabiltzen den espazioan– eta 30 bat pertsona hartu ahal izango ditu harrerarako, atsedenerako eta ikasketarako leku honek, betiere sorkuntza garaikidea eta arte eta kulturaren hedapena helburu dituen zentro honen testuinguruarekin bat datozenak. Egitasmoa gauzatzeko Joel Banus, Oriol Gali, Alex Ahedo eta Maria Diazen laguntza jasoko dute sortzaileek.
Saritutako beste egitasmo batzuk
Irabazleaz gain, bi proposamenek eskuratu dute ex aequo accesita, 500 euroko sari banarekin. Lehena Raquel Irizar Ocinaren Prisma Hexagonal lana da; geometria bakarraren errepikapenaren bidez egitura konplexu bat sortzen du. Hainbat garaierako prisma hexagonalak errepikatuz lortzen den antolakuntza topografikoa bereziki aberatsa da, eta ingurunearen baldintzei egoki erantzuten die. Accesitarekin saritutako bigarren proposamena Iker Iturralde Minteguiren Lo-Construyendo dos mundos lana da; bitarteko mugatuak izan arren, indar formal handia du ezaugarri egitasmo honek. Sabaitik zintzilikatutako argi eta elementuekin lortutako espazioaren antolakuntza dotorea da; orain dagoen espazioa errespetatzen du, eta bereziki nabarmena da zintzilikatutako zirkuluen eta bertan dauden mahaien arteko erlazioa.
Era berean, epaimahaiak aipamen bereziak eskaini dizkie beste hiru egitasmori: Louis Fräntzki, Aaron Knaak, Mattea Müther eta Wanda Glöckner-en All in One Plate lanari, Alex Ahedo Tapia eta Maria Diaz Gonzalezen Biltzen egitasmoari eta Aitor Monje Lopezen Contra Corrientes proiektuari.
Baskegur Euskadiko Egurraren Elkartearen eta EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren lankidetzarekin Tabakalerak antolatutako lehiaketak xede du ekipamendu publikoetarako esku-hartzeetan sorkuntza eta berrikuntza sustatzea, eta enfasi berezia ematen zaio PEFC jasangarritasun ziurtagiria duen hurbileko egurra erabiltzeari.

