Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak Viktoria Eugenian izango dira asteburuan
Hiru saio eskainiko dituzte: bi larunbatean eta bat igandean.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak. Ez gara jaitsiko! ikuskizuna taularatuko dute Katxiporretako pailazoek Viktoria Eugenia antzokian, asteburu honetan. Ikuskizuna Katxiporretaren eta Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundearen arteko lankidetzatik sortu dute.
Izan ere, ikuskizun hau Alboan erakundeko Amazonia gara kanpainaren barruan kokatzen da. Kanpainak Euskal Herriko herritarrak mobilizatzea du helburu, Amazonia eta bertan bizi diren herriak babesteko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko.
Donostiako emanaldiak ekainaren 15ean, larunbata (bi emanaldi: 16:30ean eta 19:00etan) eta ekainaren 16an, igandea, 11:00etan izango dira. Ikuskizunean, haurrek Yumi ezagutuko dute. Yumi Amazoniako oihanean bizi den neskatila indigena da, eta hango bizitza eta mehatxuak kontatuko ditu. Bidaia honetan, Euskal Herritik Amazoniara zuhaitzez zuhaitz jauzi eginez, munduko hainbat leku ezagutuko dituzte bertaratzen direnek.
Proiektu honen harira, Leire Bilbaok idatzi du Ez gara jaitsiko! ipuin animatua, Irrimarrak ilustratu du, eta Xabier Zabala konpositoreak musika jarri dio.

