Auzoen turistifikazio indizea sortzea proposatu du EH Bilduk
Udararen atarian, EH Bilduk turismoari buruzko eztabaida berriro “erdigunean jartzea” erabaki du. Horrekin batera, Markel Ormazabal eta Garbiñe Alkiza zinegotziek hainbat proposamen aurkeztu dituzte udaletxeko prentsa aretoan egindako agerraldian.
Udal taldearen lehentasuna da Donostia eta osatzen duten auzo guztiak “bizigarriak” izatea. Horretarako, lehenik eta behin, “bizigarri zer egiten duen” zehaztu behar dela uste dute: “Honek ahalik eta kontsentsu handienarekin adostua behar luke izan eta udal politikak gidatuta. Hiri eta auzo bizigarriak lortzeko neurriak karga ahalmenarekin lotuta dauden heinean, EH Bilduk Donostiako auzoen turistifikazio indizea sortzea proposatu du. Turismo kargaz hausnarketa sustatu asmoz, kanpaina espezifikoa jarri dugu martxan”.
Turista eta bisitarien kopuruak Donostian gora egiten jarraitzen duela ohartarazi dute: “Baieztapen hau datu soil batek islatzen du: duela hamar urteko datuekin alderatuta, 2023an hiriko bidaiarien sarrerak 1,7 aldiz biderkatu dira eta dagoeneko helmuga turistiko nagusienen hazkundea gainditu dugu, Las Palmas Kanaria Handikoa kasu”.
Horrez gain, udal gobernuarekin kritiko agertu dira: “EAJ-PSE-EEren udal gobernuak diskurtsoan biraketa eman badu ere, esaten dutena eta egiten dutena ez datoz bat. Neurriak berandu datoz kasu gehienetan, eta, gainera, esan edo iragarritakoa (helburua) eta egindakoa (neurria) ez datoz bat, alojamendu turistikoen mugapena kasu”.
Hitzaldi informatiboa
Turismoaren karga ahalmenaren inguruan hausnartzea presazkoa dela uste du EH Bilduk. Horretarako, kanpaina propio bat jarri dute martxan, Donostiarrak erdigunean jarriko dituen turismo eredu baten alde lelopean.
Hain zuzen ere, kanpaina horren baitan gaur hitzaldi informatibo bat egingo dute. Ostatu turistikoei buruzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren inguruan arituko dira. Hiritarrek zuzenketak egiteko epea zabalik dago hilaren 20ra arte, eta prozesuan nola parte hartu ere azalduko dute. Turismoa erregulatzeko proposamena: hobekuntza ala segida? izenburupean, saioa Parte Zaharreko Kriptan izango da, San Jeronimo kalean, 19:00etan.