'Gelditasuna ekaitzean' filma ikusgai egongo da bihartik aurrera, PRIMERAN plataforman
Alberto Gastesi zuzendari donostiarraren lehenengo film luzea da, eta ikusgai egongo da doako euskal eta euskarazko online edukien zerbitzuan.
Gelditasuna ekaitzean filma ikusgai egongo da bihartik aurrera, euskal eta euskarazko edukien PRIMERAN plataforman. Alberto Gastesi Jauregi zuzendari donostiarraren lehenengo film luzea da eta Donostian grabatuta dago, pertsonaien iragana eta oraina bereiziz. 96 minutuko filma 70. Donostiako Zinemaldiaren Euskal Zinemaren Galan estreinatu zen, 2022an.
Iñigo Gastesi, eta Loreto Mauleon aktoreak dira pertsonaia nagusiak, bikote bati buruzko zuri-beltzeko istorio honetan. Donostian grabatuta dago, eta pertsonaien iragana eta oraina bereizten ditu. Zuzendariak pelikula “bidaia intimo baten gisakoa” dela nabarmendu zuen IRUTXULOKO HITZAk egindako elkarrizketan. “Edozein pertsonak senti dezake bizitza aurrera doala eta norberak, nolabait, bere hautuak egiten dituela. Norbera bere bidea egiten joaten da, eta beste aukera batzuk atzean uzten ditu. Bidaia intimo baten gisakoa iruditzen zait pelikula. Hainbat pertsonaien istorioa kontatzen du, batez ere, Lararen [Loreto Mauleon] eta Danielen [Iñigo Gastesi] istorioan zentratuta. Bakoitzaren bidea azaltzen du, eta nola topatzen duten elkar ekaitz egun batean”, azaltzen du.
Gastesik berak filmaren nondik norakoak azaldu zizkigun bideo honetan.
Zuzendariari buruz
Zuzendari donostiarrak hamairu urte zituela filmatu zuen bere lehen film laburra. Handik gutxira, Larrotxeneko (Donostia) “Kameraren atzean” nerabeentzako zinema-programan sartu zen, eta Tranpantojo (2000) zuzendu zuen, bere bigarren film laburra, Cinema Jove eta beste hainbat lehiaketatan saritua. Harrezkero, Itsmo (2011), Ekaitza (2012), Mapa del tiempo olvidado (2014), Alejandra (2015), Miroirs (2016), Cactus (2018) eta Las vacaciones (2019) zuzendu ditu, hainbat jaialditan hautatutako lanak. Gaur egun, Singular zientzia-fikziozko filma prestatzen ari da, Sitgesko zinema jaialdian Pitchbox saileko irabazlea. Gelditasuna ekaitzean da Gastesiren lehen film luzea.