Musika eta antzerki emanaldiak eskainiko ditu Viktoria Eugeniak hilaren 19tik 22ra
Ekainaren 21ean, 19:30ean, Musikaren Europako Egunean, Errobi taldeak kontzertua emango du 2024 Adarra Saria jaso ostean.
Viktoria Eugenia Antzokiak antzerki eta musika programazio berezia eskainiko du hilaren 19tik 22ra. Ostiralean, ekainaren 21ean, 19:30ean, Errobi taldeak 2024 Adarra Saria jasoko du eta ondoren kontzertua emango du.
Asteazkenean, ekainaren 19a, Juan Sebastian Hirukoteak —Belen Vaquero (sopranoa), Luken Munguira (tenorra), Sergio Bermudez (lautea)— emanaldi berezia eskainiko du, baina sarrerak agortuta daude jada. Aldiz, antzerkiari lotutako emanaldirako sarrerak geratzen dira eta ekainaren 22an, larunbata, Barco Pirata Producciones-en eskutik, Cielos obra ikusgai egongo da, 12 eurotatik 26 eurotara bitarte. Obra honek itxi egiten du Incendios, Litoral eta Bosques lanekin hasitako La sangre de las promesas tetralogia. Guztiek dute gizadiak arrastaka daraman tragedia amankomunean. Wajdi Mouawad idazlearen eta Sergio Peris-Mencheta zuzendariaren obrak “leku bereizi” batera garamatza, eta bertan, “kriptografoak, itzultzaileak eta ikertzaileak erlojuaren kontra ari dira lanean, gizartearen hondamendia eragingo lukeen eraso terrorista anizkoitz bat eragozten saiatzeko”.
Adarra saria
Hala, 2024 Adarra Saria jasoko du Errobi taldeak Eneko Goia alkatearen eskutik, eta saria jaso ostean kontzertua eskainiko du hilaren 21ean, Musikaren Europako Egunean. Euren disko guztietako piezak jasoko dituztela aurreratu zuten Duhaldek eta Ducauk. Txomin Duhalde (bateria), Remi Gachis (gitarra) eta Iñigo Telletxea (baxua) musikariak izango dituzte alboan. “Lan guztiak oinarri hartuta prestatu dugu errepertorioa. Kantu gehienak egingo ditugu. Lehen egiten genuen antzera, baina eguneratuta teknikoki eta soinu aldetik. Hobetua izango da, eta ez hozkailutik ateratakoa”, azaldu zuen Duhaldek.
Halaber, Amaia Ispizua musika sustatzaileak, Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio eta Irudi zuzendariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika teknikariak osatutako Aholku Batzordearen arabera, “Errobi taldea erabakigarria izan zen rock progresiboa eta psikodelia Euskal Musikan barneratzeko. 1973tik 1985era arte, Anje Duhalde eta Mixel Ducau buru zituen laukotea euskal musikaren abangoardian jarri zen, eta Euskal Herrian goraipamen gehien jasotako diskoetako bat ekoitzi zuen: Ametsaren Bidea. Zubi bat eraiki zuten belaunaldien artean, eta sortu zituzten abestietako asko gehitu dira herri ondarean”.