Txomiñeneko ibaiertzak garbitzeko deialdia zabaldu du udalak, larunbat goizerako
Txomiñeneako ibaiertzak garbitzeko deialdia zabaldu du larunbaterako Donostiako Udalak. 11:00etan elkartuko dira ondoko parkean, ECO Limpieza Ciudadana taldeak antolatuta, Donostialdeko berdeguneen garbiketan eta mantentze lanetan jarduteko Loiolako bizilagunek sortutako taldea.
Auzolanean parte hartuz gero, arropa eta oinetako egokiak eramatea gomendatu dute. Hala, udaleko Ingurumen Zuzendaritzak dituen eginkizunen ildo beretik doa egitasmoa: “kontzientzia ekologikoa sustatzea, uraren kalitatea kontrolatu eta ingurumena babestea eta hobetzea”.
Espezie babestuak
Donostia askotariko espazioz eta espazio horiei lotutako faunaz eta floraz eratua dago, eta orotara, udalaren datuen arabera, gure lurraldean 221 espezie babestu jaso dira, horietarik 16 lehentasun handikoak. Hauek basoetan, hezegune txikietan, kultiboetan, eta noski, ibaietan egoten dira. Gainera, ibaien ibilguetatik hurbil dauden lurretan izandako erabilerak “ez dira beti errespetuzkoak izan”, eta, horrenbestez, ibaiek eta errekek “hainbat ingurumen inpaktu jasan” dituzte.