Askek salatu du hamabost donostiarrek isunak jaso dituztela presoen aldeko mobilizazio batengatik
Zaballako espetxera egindako martxa baten harira, 1.200 euroko isunak jaso dituzte Aske antolakundean militatzen duten hamabost kidek.
Eusko Jaurlaritzak isunak jarri dizkie, abenduaren 30ean, euskal presoei elkartasuna adierazteko martxan parte hartu zuten 128 lagunei. Horietatik hamabost donostiarrak dira, eta bakoitzak 1.200 euro ordaindu beharko ditu, mozal legea aplikatuta. Desordena publikoa, erresistentzia eta desobedientzia egotzi dizkiete, eta, orotara, 153.600 euro ordaindu beharko dituzte. Aske antolakundetik azaldu dutenez, elkartasun martxan parte hartutako eragile askotariko kideei iritsi zaie isuna.
Gertatutakoa salatu eta egoeraren berri emateko, Askek agerraldi bat egin du Gasteizen. Kideek diotenez, mozal legearen aplikazioa “ez da gertakari isolatua” eta mugimenduaren “gaitasun politikoa indargabetzea” du helburu. Sareetan zabaldutako orri batean azaldu dutenez, halaber, “deserosoak zein potentzialki gatazkatsuak” egiten zaizkien borroka guztiak kriminalizatzen dituzte, eta mozal legea baliatzen dute horretarako.
Egoera horren aurrean, kideek bi bide baino ez dituzte ikusten “Xantaiari men egin eta inposatutako mugak onartuz; edo antolakuntzaren eta borrokaren bitartez oztopoak gainditzeko bitartekariak sortu eta aurre eginez”. Argi dute, baina, bigarrena baliatuta soilik lortu dezaketela aurrera egitea. Gauzak horrela, Euskal Herriari elkartasun deia luzatu diote. Ekarpenak egiteko kontu korronte bat ireki dute eta urriaren 5ean, ekitaldi nazionala egingo dute Gasteizen. Aurreratu dutenez, halaber, eskualdeka ari dira antolatzen eta elkartasun eguna egingo dute Donostian ere.