Miramar Gauetan Andres Calamarok ez jotzea eskatu dute, Palestinako genozidioa «txalotzen» duelakoan
Donostiako herritar talde batek Andres Calamaro boikotatzea eskatu dute, ekainaren 19an, Miramar Gauetan egingo duen kontzertuen harira. “Israelgo Estatu genozida txalotzen ari den Andres Calamaro Donostiara gonbidatua dela ikustean ezin gara isilik egon”, adierazi dute: “Calamarok diskurtso guztiz arrazista eta buloak erabiltzen ditu, supremazismo sionistaren diskurtso bera, komunikabide gehienen laguntzarekin izugarrikeria hori guztia posible egiteko erabili zirenak eta oraindik ere erabiltzen direnak”.
Honen harira, “giza eskubide oinarrizkoenak defendatzeko”, Miramar Gauak ekitaldiaren sustatzaile den GetI In eta CaixaBank antolatzaileari hurrengoa eskatu diete: ekainaren 19an Donostian egingo den kontzertutik Andres Calamaroren izena kentzea.
Duela gutxi, sarean egindako adierazpenen inguruan mintzatu da taldea. Residente artistak Palestinar herriaren alde egindako kanta bat zela eta, Calamarok “bulo” eta erantzun “supremazistekin” erantzun ziela argudiatu dute. Hau da Calamarok zabaldu zuen mezuaren zati bat: “Ez da herri palestinarrik existitzen, hau da ‘mundu’ arabiarrean dagoen okerrena… Ez Palestina, ez arabiarrak ez daude Hamasengandik ordezkatuta, René, zuek eta ni bezalako jende baketsua hil eta bortxatuko zutela zin egin baitzuten. Mendebaldea gara, ez matxistak, ez Erdi Arokoak. Gora Israelgo Estatua”.
Herritar taldeak adierazi duenez, “Donostiako hiriak argi eta garbi adierazi du Palestinako herriari elkartasuna adierazten diola eta genozidioarekin edozein motatako lankidetza errefusatzen duela, manifestazio jendetsuen bidez (horietako bat, hain zuzen ere, kulturaren munduak deituta) eta udal honek gehiengo handiz onartutako Adierazpen Instituzionalaren bidez”.Hamaika dira mundu osoan zehar Boikota Desinbetsioa Zigorra kanpainaren barruan egindako ekimenak, Israelgo Estatua presionatzeko helburuarekin, tartean, kulturgileen boikota ere eskatu izan da.
Ekainaren 19tik 21era antolatu du Caixabankek Miramar Gauak Maria Jose Llergo, Olatz Salvador, La Oreja de Van Gogh eta Ivan Ferreirorekin, besteak beste.