'Singular' filmatzen ari da Alberto Gastesi zuzendari donostiarra
Alberto Gastesi zinema zuzendari donostiarra Singular filmatzen ari da, bere bigarren film luzea. Patricia Lopez Arnaiz eta Javier Rey aktoreak dira filmeko protagonistak, eta thriller honek adimen artifizialak ordezka gaitzakeen planteatzen du.
“Adimen artifizialaren inguruan interesatzen zaidan galdera da ispilu batean jartzen gaituela, eta gure buruari galdarazten digula zergatik garen ordezkagarriak eta zer izango den elementu hori. Hau da, gizaki gisa dugun elementu ordezkatzaile hori zein den”, azaldu du Gastesik EITBri egindako adierazpenetan.
Zuzendariaren aburuz, film hau aukera bat da aukera bat da hori galdetzeko, eta “prozesu ireki bat” dela nabarmendu du: “Galdera hori beti egin ahal izango da, muntaia arte, eta estreinaldira arte. Nik uste dut jendeak jakingo duela zein den elementu hori”.
Honela dio White Leaf Producciones eta Vidania Films ekoiztetxeak egiten ari diren filmaren sinopsiak: Diana, Adimen Artifizialaren ikertzailea eta irakaslea, bere bikotekide ohi Martinen deiari erantzunez, duela hamabost hildako bien semearen 18. urtebetetzea ohoratzera joaten da. Abandonatutako udako etxean mutil misteriotsu bat egoteak eten egiten du bien arteko topaketa, eta pertsonaien arteko harremanak eraldatzen ditu, galdutako norbaiten ordezkotzarekin zerikusia duen susmoa sortuz. Baina filmak aurrera egin ahala, askoz haratago joaten da, harik eta gizonaren galdera garrantzitsuenak bere buruari egin arte”.
Aktoreek azaldu dutenez, filmean “intriga” handia dago, eta esaten den gauza bakoitzaren inguruan hainbat irakurketa egin daitezke. Gainera, aldi berean hainbat istorio kontatzen ditu, modu paraleloan.
Gidoia Gastesik berak idatzi du, eta Euskal Herrian eta Madrilen ari dira filmatzen. Singular 2025ean estreinatzea aurreikusten dute.