Amara Berri, San Joan jaietako ekitaldi mordoaz berotuta
Hasiera emango dio txupinazoak San Joan jaiei gaur, 19:30ean, Probestu plazan. Urtero gisa, Ikasbide Kultur Elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu, eta aurtengo indargunea gazteak izan dira.
San Joan jaiez disfrutatzeko prest dago Amara Berri. Egitarau zabala antolatu du aurten, baita ere, Ikasbide Kultur Elkarteak, eta egun okupatuak izango dituzte San Joan gaueko aurreko asteburuan. Gaurkoan, urteroko legez, jaien hasiera ospatuko dute txupinazoarekin, 19:30ean, Probestu plazan.
Hala, txokolate jate eta barre algarak lagunduta, 50 urte inguru dituen Txabol Sotoa irekiko dute eta, asteburuan zehar, hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango dute auzotarrek eta gerturatzen diren donostiarrek.
Ikasbide Kultur Elkarteko kide den Josebe Amondarainek nabarmendu du, pozez, auzoko gazte gehiagok antolakuntzan parte hartu dutela eta honek onurak ekarri dituela: «Berrikuntzak daude, eta bakarrizketaz eta futbitoaz gain, lehenengo aldiz eraso matxistei aurre egiteko protokolo feminista gurera ekarri dute», azaldu du jai batzordeko kideak.Halaber, Amondarainek gazteek horrelako espazioetan parte hartzearen garrantzia mahaigaineratu du, eta honek «berrikuntzekin batera, euskal kulturarekin eta ohiko jarduerekin etorkizunean jarraitzeko» aukera bermatu egiten duela gehitu du.
Suak eta ilusioak
Gaur iluntzean, kontzertuak eta zezen suzkoa elkartuko dira plazan, baina indarrak gorde beharko dituzte auzotarrek; izan ere, hurrengo egunetan dianak, kirol eta janari txapelketak, tailerrak, karropoteoa, Oihan Vegaren eta euskal dantzen emanaldiak, bertsolariak eta kantujirak antolatu dituzte Amara Berrikoek. Ekainaren 23an, igandean, San Joan gaua ospatuko dute Gaskako aparkalekuan, eta urteko sekretuak eta azterketak erretzeko aukera izango dute. Prest daude auzotarrak indarrez heltzeko ekaina bukaerari, eta «ilusioz» antolatu dituzte jarduerak: «Gure beldur bakarra eguraldia da, baina gure esku dagoen guztia prest dugu», amaitu du Ikasbide Kultur Elkarteko kideak.