Bide baten jarraipena
IRUTXULOKO HITZAren zenbait astekari.Oier Arribas Ciria Zygmunt Bauman filosofoak ederki definitu zuen gizartearen eta munduaren eraldaketa frenetikoa: gizarte likido (eta agian gaseoso) batean bizi gara gaur egun. Identitatearen zatiketa, informazioaren gaindosia, konpromisoaren iraungitzea… hau guztia pertsonaren indibidualismoan sakonduta.
Egungo bizitza asaldatu honetan, inpaktuan, berritasunean eta optimizazioan pentsatzera kateatuta gaude tokiko hedabideak. Helburutzat ditugun gailurretara iristean, oraindik beheko kanpamentuan gaudenaren sentipen geldoa bizi dugu. Gizartearen azkartasunak zaharkitu garela sentiarazten digu eta, horrela, eraberritze prozesu etengabe batean murgilduta gaude.
Gure etxean, IRUTXULOKO HITZAn, badugu zer hobetu eta zer berritu. Hilabete askotako prozesu baten ondotik, gure astekariko edizio sistema berritzera goaz eta, honekin batera, diseinua berrituko dugu. Ez dugu identitatea aldatuko, soilik egokitu.
Hurrengo asteko astekaria desberdina izango da, bide baten hasiera, baina aspalditik egiten ari garen bide baten jarraipena. 1991tik hirian gertatzen diren berriak euskaraz jasotzeko aukera eskaintzen dugu, ohiko hedabideetan agertzen ez diren albisteak bilduz. Formatu asko igaro ditugu, euskarri berriak sortu eta beste batzuk alboratu ditugu, digitalera igaro gara, sare sozialen odisean murgilduta gaude… eraberritzen ari gara.
Euskararen normalizazio eta sustapena jomugan, beste salto bat ematera goaz datorren ekainaren 21ean. Espero dugu gure begietan garrantzitsua den urrats honen emaitza gustagarri eta atsegina izatea zuretzat, irakurle. Horiek horrela, mila esker paperaren (eta pantailen) beste aldetik gure akuilu izateagatik, mila esker gure komunitateari!

