Igarotako bidearen kronologia bat

Oletako jaiak: 78 urte, eta inoiz baino gazteago

Uda hasierak, jai giroa esan nahi du Oletan. Altzako auzune horretan, lau eguneko festa egitaraua osatzen dute udako solstizioarekin baitan, bizilagunen arteko harremanak sendotu, eta kaleak alaitzeko. Aurten, ekainaren 20tik 24ra ospatuko dituzte San Joan jaiak.

Iazko herri bazkaria, Oletako jaietan. Sara Ibarguren

Ikasturtea amaitzear da, eta Oletako haurrek ondo baino hobeto dakite zer esan nahi duen horrek: jaiak iristear dira. Altzako auzunean, egitarau zabala prestatzen du Oletako jai batzordeak, egun batzuez, bederen, eguneroko arazoak baztertu, eta lagun eta senide artean gozatzeko parada izaten dezaten bizilagunek: «Bereziak dira gure jaiak, herrikoiak, familia handi baten gisakoak», adierazi du Nekane Santos jai batzordeko kideak. Egitaraua osorik ikus dezakezue, hemen.

78 urte bete dituen familia horretan gazte jendea ugaritu da batik bat, azken urteotan. Nolanahi ere, aurten hartu dute «indarra». Lekukoa pasatuta, berritasunak ekarri dituzte antolaketara dozena erdi lagunek, eta buru-belarri aritu dira beteranoekin lanean: «Guk urtero gauza berdinak egin ditugu eta ikuspegi berriekin iritsi dira». Horrek ere lasaitua eman diela onartu du Santosek: «Jaiak pozik antolatzen ditugu, jende berriaren beharra zegoen»

 

Haize berriak, jaietako sua hauspotzeko

Gazteen proposamen berrien artean dago, besteak beste, musika jarduerak errotik aldatzea: «Larunbatean orkestra bat ekartzen genuen, baina gazteek ez zuten oso gustuko». Orkestrarik gabe, baina, ugaritu egin dituzte jarduera musikatuak aurtengo egitarauan: ostegunean, auzoko musika jaialdia eta karaokea izango dute; ostiral eta larunbatean, berriz, DJ-ak izango dituzte Oleta girotzen. Iazko arrakasta ikusita,halaber, larunbateko festa tematikoarekin jarraituko dute aurten ere. «Hori ere gazteek ekarritakoa da», zehaztu du Santosek.

Aldaketak aldaketa, jaiak beti bezain «herrikoiak» izaten jarraituko dutela adierazi du du jai batzordeko kideak: «Hemen ez dugu puzgarri handirik, eta ez dago dirua gastatzeko jarduerarik. Jolasak dira abiapuntua, eta familian eta lagun artean egotea da helburua». Txikienen antzera aritzen dira helduak ere, eta egun horietan mugikorra «etxean uzteko moduan» izaten dela onartu du: «Bizilagunen artean hobeto elkar ezagutzeko aukera ematen digute jaietako jarduerek, eta guretzat hori da politena». 

HITZAkide HITZAkide