Loiurako autobusak ordu erdiro irtengo dira Donostiatik
Frekuentzia berri hori ekainaren 20tik irailaren 30era bitartean egongo da indarrean, soilik.
Donostiara doan autobusa, Loiuko aireportuaren kanpoaldean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamendu Departamentuak Donostia eta Loiuko aireportuaren arteko autobus zerbitzua indartuko du udan, 30 minuturo. Azahara Dominguez diputatuak iragarri duenez, frekuentzia berri hori ekainaren 20tik irailaren 30era bitartean egongo da indarrean, eta txartelak aldez aurretik eskuratu ahal izango dira.
Hala, autobusak 05:00etatik 21:00etara abiatuko dira Donostiako Norteko autobus geltokitik. Loiutik, berriz, lehen zerbitzua 07:45ean izango da lanegunetan eta 06:45ean asteburu eta jaiegunetan. Batak zein besteak 00:00etan izango du azken autobusa.
Dominguezek azaldu duenez, uda garaiko erabiltzaile kopuru handiak eragin du, batik bat, maiztasunak handitzea. Gainera, iraila osoan 30 minutuko maiztasunari eustea erabaki dute, Zinemaldia tarteko. Bestalde, diputatuak aurreratu duenez, Donostiaren eta Hondarribiko aireportuaren arteko lotura indartzeko lanetan ari dira; izan ere, 2023 inoizko urterik onena izan da erabiltzaile kopuruari dagokionez.
Tarifa berriak
Txartelak leihatilan erosi ahal izango dira, autosalmentako makinen bidez, webgunearen bidez eta ibilgailuan bertan Mugi txartelaren bidez. Joan den martxoaren erdialdean zerbitzu hori Mugi sisteman sartu zenetik, Donostiatik ateratzen den pertsona batek 3,35 euro ordaintzen ditu Mugi txartel pertsonalizatuarekin, 4,39 euro Mugi txartel anonimoarekin, eta 12,90 euro Mugi txartelik gabe. Bestalde, Zarauztik Bilboko aireportura bidaiatzen dutenek Mugi txartel pertsonalizatuarekin egin dezakete 2,51 eurotik aurrera, Mugi txartel anonimoarekin 3,28 euro eta Mugi gabe 9,65 euro ordainduta.

