Martxan da Donosti Cup 2024
Txapelketaren ereserkia, zale zein jokalarientzako gune berria, eta partidak zuzenean jarraitzeko plataforma bat dira, besteak beste, aurtengo berritasun nagusiak.
Donosti Cup txapelketaren aurkezpen ekitaldia. Eneko Goia 32.urte beteta Donosti Cup txapelketa sendoa bilakatu da Euskal Herrian, baina handitzeko grinarekin jarraitzen du. Aurten, hainbat berritasunekin dator futbol torneoa eta, gainera, gora egiten jarraitzen du partaidetzari dagokionez. Uztailaren 1etik 7ra jokatuko den txapelketan eta 910 taldek hartuko dute parte —iaz baino 50 gehiago—, orotara, 16.000 parte hartzaile izango dira txapelketan zehar, eta 2.254 partida jokatuko dira. Gainera, edizio internazionalena ere izango da, 28 herrialdek ordezkaritza izango baitute txapelketan, lehiatuko diren 260 taldeekin.
Zenbakiek handitasunaren maila irudikatzen duten arren, bistakoa da Donosti Cup kirol talde eta lagun talde gipuzkoarrentzat ondo pasatzeko aukera paregabea izaten jarraitzen duela. Aurten, Gipuzkoako 339 talde lehiatuko dira, horietatik 200 Donostiakoak. Bigarren urtez jarraian, txapelketak bekak eskaini ditu, bertan doan parte hartzeko, eta, antolatzaileek azaldu dutenez, dagoeneko 600 parte hartzaile baino gehiagok eskatu dituzte.
Ereserkia eta hainbat berrikuntza gehiago
Antolatzaileek egindako aurkezpen ekitaldian azaldu dutenez, aurtengo beste berritasun handia txapelketaren abesti ofiziala izango da. Iñaki Cacavillak konposatutako Hoy apuntamos al cielo tituluarekin, hilaren 2ko inaugurazioan aurkeztuko da milaka lagunen aurrean, Anoetan (21:30).
Beste berrikuntza nagusietako bat zaleen gune berriaren instalakuntza izango da. Anoeta inguruan ohikoa denaz gain, Alderdi Ederren kokatuko da txapelketaren bigarren gunea. Harmaila izango du, mapamundi erraldoi bat eta jolasteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Edizio honetan, halaber, Donostiaraino etorri ezin daitezkeen senitartekoek aukera izango dute euren seme-alaba edo biloben txapelketa zuzen zuzenean jarraitzeko. Baloiaren jarraipena egiten duten kamera adimendunen bidez, 500 partida eskainiko dira, eta mundu guztiak jarraitu ahal izango ditu interneteko plataforma baten bitartez.

