Bossa nova izango du hizpide Jazzinemak
Bossa novari buruzko lau film proiektatuko dituzte, eta Fernando Trueba zinemagile ezagunak 'Dispararon al pianista' dokumentala aurkeztuko du.
'Orfeu Negro' filmeko fotograma bat.Euskadiko Filmategia Euskadiko Filmategiak zazpigarrenez antolatu du Jazzinema zikloa, eta lau film proiektatuko dituzte uztailean eta abuztuan Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Donibane Lohizunen: Elis & Tom. Só tinha de ser com você dokumentala (Roberto de Oliveira eta Jom Tob Azulay, 2023), Orfeu negro bossa nova zineman sartu zuen filma (Marcel Camus, 1959), Miúcha. A voz da bossa nova dokumentala (Liliane Mutti eta Daniel Zarvos, 2022) eta Dispararon al pianista animaziozko dokumentala(Fernando Trueba eta Javier Mariscal, 2023).
Donostiako emanaldi guztiak Tabakaleran izango dira, 19:00etan: Elis & Tom. Só tinha de ser com você uztailaren 5ean proiektatuko dute, Orfeu negro 12an, Miúcha. A voz da bossa nova 19an eta Dispararon al pianista 26an.
Elis & Tom. Só tinha de ser com você dokumentalak genero horretako funtsezko bi ahots ditu hizpide: Elis Regina eta Tom Jobim. Hain zuzen ere, bossa nova generoko diskorik garrantzitsuenetako baten grabaketa da zintaren ardatza: Elis & Tom (1974). Miúcha. A voz da bossa nova dokumentalak, aldiz, Heloisa Maria Buarque de Hollanda Miucharen bizitza kontatzen du; Brasilgo musikako ahotsik garrantzitsuenetako bat izan zen emakumea. Harekin batera ageri dira filmean bossa novako beste zenbait musikari ezagun, hala nola, Joao Gilberto (senarra), Chico Buarque de Hollanda (neba), Vinicius de Moraes eta Tom Jobim.
Orfeu negro-ri dagokionez, hori izan zen soinu bandan bossa nova doinuak nahita bildu zituen lehenengo filma proiektua. Ggidoia Vinicius de Moraesek idatzia da, eta Camusek Rio de Janeiroko inauterietan girotzen du Orfeo eta Euridizeren mito greziarra. Zikloa amaitzeko, Dispararon al pianista proiektatuko dute, Tenorio Junior pianista brasildarrari buruzko animaziozko dokudrama bat. Junior, 1976an bahitu ondoren, Buenos Airesko Armadaren Goi Ikastegi Mekanikoan (ESMA) egon zen giltzapetuta, eta, azkenean, hil egin zuen Jorge Rafael Videla diktadore argentinarraren Poliziak. Vinicius de Moraes, Joao Gilberto, Caetano Veloso eta Gilberto Gilen musikarien abestiek osatzen dute, besteak beste, lan horren soinu banda.
Elis & Tom. Só tinha de ser com você Jazzaldiaren zuzendari Miguel Martinek aurkeztuko du Donostian, eta Gasteizen, aldiz, hango Jazzaldiaren zuzendari Alberto Ibarrondok. Dispararon al pianista-ren Donostiako emanaldian, aldiz, Fernando Trueba egongo da aurkezle lanetan.

