Mikel Laboa omendu du Aratz erretegiak
35 urte bete ditu Ibaetako taberna eta jatetxeak, eta musikari donostiarraren irudi berezi bat duen edalontzia aurkeztu dute.
Zabaleta anaiek behar bezala ospatu nahi dute 35. urteurrena. Horrela, Aratz erretegiak Mikel Laboa musikari donostiarra omendu du, orain arte ez bezala. Izan ere, Laboaren irudia bihurritu dute, eta edalontzi batean jarri. Iñigo Urdalleta lasartearrak egin du diseinua.
Erretegian bertan egindako aurkezpen ekitaldi baten bidez, edizio mugatu gisa aurkeztu zuten edalontzi berezia. Laboaren senideek parte hartu zuten, eta baita beste hainbat pertsona ezagunek ere. Hala nola, Beñat Gaztelimendi, Jon Maia eta Aitor Mendiluze bertsolariek, eta Kaki Arkarazo, Ixak Arruti eta Oihana Rodriguez musikariek.
Sare sozialetan mezu hau utzi dute Zabaleta anaiek: “35 urtek askorako ematen dute… edo ez, baina guri hainbeste eman digu… zaila egiten zaigu denak zerrendatzea. Hala ere, argi daukagu, gauza on guztiekin geratzen gara, eta onena hasieratik gurekin egon diren lagunak dira. Mikel Laboa omentzen dugu eta bere seme-alabez eta lagunez inguratuta egiten dugu. Bertan, gure hizkuntza eta kultura berradierazi nahi ditugu, hori baita batzen eta identifikatzen gaituena; eta gure kulturaren ordezkariak zuek zarete: idazleak, bertsolariak, musikariak… Eskerrik asko bereziki Mikel Laboaren seme eta alabari, Izarori eta Agurtzaneri, eta Iñigo Urdalleta marrazkilariari”.