Haurrentzako kultur eskaintza zabala izango da udan Urgullen
Urgulleko Natur Txokoa.Oskar Moreno Urteroko legez, kultur eta aisialdi eskaintza zabala prestatu dute Donostia Kulturak, San Telmo museoak eta Cristina Enea fundazioak udarako (uztailaren 1etik abuztuaren 31ra) Urgulleko Liburutegian, Natur Txokoan eta Historiaren Etxean.
“Eskaintza honek aisialdia, natura eta kultura uztartzea du helburu eta bereziki haurrentzako da. Guneak zabalik egoteaz gain, astelehen, astearte eta asteazkenetan haurrentzako jarduera bereziak burutuko dira: astelehenetan, Liburutegian; eta astearte eta asteazkenetan, Natur Txokoan. Denak izango dira euskaraz eta doakoak, eta sarrera librea izango da lekuak bete arte —uztailaren 1ean liburutegian egingo den ikuskizunerako ezik, gonbidapenarekin—”, azaldu du Donostia Kulturak, ohar batean. Besteak beste, magia, jolasak, ipuin kontaketak eta irakurzaletasuna bultzatzeko jarduerak egongo dira, baita ingurumenarekin loturiko ikastaroak ere.
Gunez gune
Historiaren Etxean (Motako gaztelua), sarrera doakoa izango da egunero 11:00etatik 19:00etara, astearteetan izan ezik. San Telmo museoak kudeatzen du, eta Donostiari begira erakusketan, 800 urte luzez hiriak bizi izan ditu gertaerak eta mugarriak kontatzen dira.
Natur Txokoari dagokionez (Gobernadorearen bateria), Cristina Enea fundazioak kudeatzen du, eta egunero egongo da irekita, goizez eta arratsaldez. Bestalde, astearte eta asteazken guztietan jarduera bereziak egingo dituzte, eta hemen kontsultatu dezakezue egitaraua.
Azkenik, liburutegia (Damen bateria) Donostia Kulturak kudeatzen du, eta egunero egongo da irekita, goizez eta arratsaldez. Astelehenetan, haurrentzako eta familientzako jarduera bereziak egingo dituzte, eta hemen kontsultatu daiteke egitaraua.

