Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Donostiako finalak borobilduko du
Irailaren 14an hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta abenduaren 14an bukatuko da Illunbeko finalarekin. Saio guztietarako sarrerak dagoeneko salgai daude helbide honetan.
Gaur goizean egin dute txapelketaren aurkezpena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Asier Azpiroz Gipuzkoako Bertsozale elkarteko presidenteak eta Goizane Alvarez Kultura diputatuak eman dituzte xehetasunak.
Guztira, 48 bertsolari ariko dira kantuan, sailkapen fase bizi baten ondoren. Urretxun hasi eta Donostiako finalera bitarte hamasei saio jokatuko dira. Txapelketan kantuan ariko diren 48 bertsolarietatik 34 bertsolarik udaberrian jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela. Gainontzeko hamalau bertsolariek duela bost urteko txapelketan eskuratu zuten txartela.
Horiez gain, hamasei gai jartzaile eta hamabost epaile eta laguntzaile ugari izango dira txapelketan lanean. Guztira hamasei saiok osatuko dute txapelketa, hiru fasek eta finalak: zazpi final-zortziren, bost final-laurden, hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira.