Udaltzaingoak salaketak online egitera animatu ditu herritarrak
Udaltzaingoaren Morlansko egoitza.Donostiako Udala Udaltzaingoak kanpaina hasi du hiritarrei modu telematikoan hainbat salaketa egiteko aukera ematen dien zerbitzua ezagutzera emateko. Kartelak jarri dituzte azken egunetan zenbait udal eraikinetan, besteak beste, Udalinfon, kultur etxeetan, osasun zentroetan edo kiroldegietan. Bertan, donostiarrak animatzen dituzte salaketak online egiteko kanala erabiltzera.
“Gogoan izan, kanal honetan duela urtebete ziurtagiri digitala (B@kq) erabilita sinatzeko aukera ematen hasi zela. Kartelek QR kode bat dute. Eta kode hori eskaneatzen duen edozein pertsona udalaren webgunean dagoen tramitera bideratua izango da”, jakinarazi du Udaltzaingoak.
Iazko ekainera arte, salaketak online egiteko kanala erabiltzen zuten pertsonek bertan zegoen dokumentazioa bete behar zuten, eta Morlansko polizia etxera joan behar zuten entregatzera. Hiri segurtasun atalean Udaltzaingoak eskaintzen dituen zerbitzuak modernizatzeko prozesu baten ondorioz, ziurtagiri digitala erabilita sinatzeko aukera sartu zen, eta ondorioz, ez da beharrezkoa polizia etxera joatea baldin eta segidako delituen gaineko salaketa jarri nahi bada.
434 salaketa urtebetean
Salaketak online egiteko Udaltzaingoaren kanalak urtebete egin du, eta urtean zehar hainbat aldaketa egin dira salaketa berriak jaso ahal izateko, eta besteak beste, objektuak galdu izana (dokumentazioa, sakelako telefonoak…) edo iruzurrak online salatzeko aukera gehitu dira.
Halaber, egindako salaketa bat osatzeko aukera sartu da, baldin eta salaketa egin duen pertsonak datu garrantzitsuren bat ahaztu badu. Dena dela, Udaltzaingoak salaketa egin duen pertsona polizia etxera joateko eska diezaioke, informazio gehigarria eskatzeko.
2023ko ekainetik, Udaltzaingoak 434 salaketa jaso ditu online sistemaren bidez. Hiri segurtasuneko zinegotzi Martin Ibaberen arabera, sistema honen bidez gehienbat honakoak salatu dira: diru zorro, poltsak edo horrelakoen lapurretak, bizikleten lapurretak, ibilgailuetan kalteak, objektuak galdu izana eta delitu informatikoak.

