Cementos Rezolako langileek greba mugagabea hasi dute
Iragarri moduan, greba mugagabea hasi dute Añorgako Cementos Rezolako langileek. Heidelberg Materials enpresak ezarri nahi duen lan erregulazioaren espedientearen kontra eta lanpostuen alde elkarretaratu dira. Fabrikaren jarduna erabat eten dute langileek, guztiek bat egin dutelako greba deialdiarekin.
“Duela hamar bat egun, enpresak 56 langile kanporatzeko lan erregulaziorako espediente bat jarri zigun mahai gainean. Erabaki hori justifikatzeko enpresak dio deskarbonizazio prozesu bat egin nahi duela. Langileek argi dutena da, prozesu hori egin behar dela, baita trantsizioa ere, baina lanpostuak suntsitu gabe”, adierazi du Usua Lasak, LAB sindikatuko Gipuzkoako Industria federazioko arduradunak.
Bestalde, Heidelberg Materials enpresak atzo jakinarazi zuen ez duela Añorgako fabrika itxiko eta ez dituela 56 langileak kanporatuko.