ELAk azalpenak eskatu dizkio Jaurlaritzari, Anoetan Ertzaintzak zauritutako emakumeagatik
Ertzaintzaren karga, Anoeta inguruan.Linas Korta / Argia ELA sindikatuak erantzunkizunak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzak, Ertzaintzak Anoetan egindako kargaren osteko irudi berriak agertu direnean. Azken irudiak ikusita, ELAk uste du Segurtasun Sailak bere erantzukizuna “asumitu” behar duela eta Brigada Mugikorraren ekintzaren inguruko neurriak hartu behar dituela.
“Pertsona bat zauritu zen, eta irudi horiek ikusita, gertakariak argitzeko bidea ireki behar da, eta Brigada Mugikorraren jokabidearen erantzukizunak argitu behar dira”, dio ELAk argitaratutako oharrean: “Irudietan azaldutakoak kalte zuzena eragiten die Ertzaintzari berari eta Ertzaintza osatzen duten pertsonei, erakunde horrek bermatu behar baititu herritar guztion eskubideak”. ELAren ustez, “onartezina da” Segurtasun Sailaren jarrera, “zerbitzu egokia bermatzeko gai ez delako, okultismoz jokatzen duelako eta, gainera, biktimari errua egotzi diolako. Sailaren jarduera horrek korporatibismo toxikoari bide ematen dio, eta, horrela, Ertzaintzarekiko gaitzespen soziala bultzatzen da”.
Halaber, ELAk elkartasuna adierazi die zaurituari eta haren hurbilekoei.

