Fiskaltzak bere gain hartu du Donostian gizon bat harrapatu zuen gidariaren auzia
27 industrialdearen eta Zorroagako tunelaren arteko errepidean izan zen gertakaria. Aste honetan Martutenen izandako istripuaren harira, Gipuzkoako Fiskaltzaren Bide Segurtasuneko Ordezkaritzak hartuko du kasua bere gain. Efe agentziak jakinarazi duenez, atxilotutako gizonak sei hilabete eta lau urte arteko espetxe zigorra jaso dezake, istripu hartan pertsona bat hiltzea egotzita. Momentu honetan, atxilotua aske dago, karguekin.
Joan den larunbateko 19:30ak aldera gertatu zen harrapaketa, Martuteneko biribilgunea eta Zorroagako tunela lotzen dituen errepidean. Trafiko eztabaida batean nahasita zeuden bi gidariak, eta tuneletik ehun bat metrora gelditu zituzten euren ibilgailuak. Atxilotuak autoarekin jo zuen biktimarena; hura jaitsi eta erasotzailearen autoaren aurrean jarri zen, alde egin ez zezan.
Hala ere, atxilotuak (28 urteko gazte bat, anbulantzietako teknikari gisa lan egiten duena) autoa berriro martxan jartzea erabaki zuen, eta gizonezkoa harrapatu zuen. Lurrera erori baino lehen, hainbat metro mugitu zituen gizona, eta, ondoren, ihes egin zuen.
Atxiloketa
Udaltzaingoaren patruila batek handik gutxira aurkitu zuen alde egin zuen gizona, Amara auzoan, eta hark lan egiten duen larrialdietako egoitzako lokalean hartu zuen babes. Kasuaren iturrien arabera, bertan atxilotu zuten, eta polizia etxera eraman zuten. Gizonezkoa agintari judizialaren esku utzi zuten atzo, eta, ondoren, behin-behinean aske utzi zuten, karguekin eta kautelazko neurriekin: pasaportea kendu diote eta noizean behin agintaritza judizialaren aurrean agertzeko betebeharra ezarri.
Hasiera batean biktima ez zenez hil, erruztatuak sei hilabete eta lau urte arteko espetxe zigor bati aurre egin ziezaiokeen, zauritua bertan utzi eta ihes egiteagatik. Ordea, zauritua azkenean hil egin zenez, Bide Segurtasunean espezializatutako fiskalek bere gain hartuko dute kasua, sakon aztertzeko eta, hala suertatzen bada, neurri berriak eskatu ala ez erabakitzeko.

