Erdialdeko aparkalekuak %23 garestituko dira udaran, trafikoa murriztu asmoz
Udalak akordio bat lortu du aparkalekuen enpresarekin, hiriko mugikortasuna hobetzeko xedearekin.
Donostiako Udala akordio batera iritsi da Telpark aparkaleku publiko nagusien enpresa emakidadunarekin, “hiriaren mugikortasuna hobetzeko helburuarekin, aparkalekuen erabilera eraginkorragoa sustatuz”.
Hainbat neurriren bidez, hitzarmenak hiriko erdigunean dauden lurpeko aparkalekuetako errotazio plazen behar eta errealitate berrietara egokiagoa den erabilera bultzatu nahi du. Gainera, neurri horiek tresna garrantzitsua izango dira udan bistari ugari datozen momentuetan trafikoa arintzeko, aurreko astean iragarritakoei gehituta. Oraingoz, akordioa Cervantes plazako (Kontxa), Bulebarreko eta Okendoko aparkalekuekin egin da, baina udalak aurreikusten du aparkaleku gehiago gehitu ahal izatea.
Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez, “gure hiria, beste asko bezala, trafiko pribatuari garrantzia emanez eratu zen iraganean, aparkaleku publikoen bidez Erdialdera autoz sartzea erraztuz, epe oso luzerako kontzesioekin gainera. Baina garaiak aldatuz doaz eta aldaketa horren bultzatzaile izan behar dugu, mugikortasun jasangarriagoa lortzen lagunduko diguten alternatibak bilatuz”.
Izan ere, hartuko den neurri bakoitza Mugikortasun Plan berriak ezartzen dituen helburuei lotuta dago, hala nola trafikoa eta eragiten duen kutsadura murriztea, energia garbiagoak sustatzea eta gune publikoa modu eraginkorragoan erabiltzea.
Adostutako neurriak
Akordio hori zazpi konpromisotan zehazten da. Batzuk berehala aplikatuko dira eta beste batzuk pixkanaka ezarriko dira datozen hilabeteetan:
1. Udako hilabeteetan zirkulazioa arintzea eta bizkortzea, udan aparkalekuetako tarifak % 23 igotzen, ibilgailu pribatuak Erdigunean sartzea ekiditeko.
2. Plazen %5 mugikortasun alternatiboari bideratzea (motozikletak, bizikletak eta patinete elektrikoak – kargatzeko aukerekin).
3. Ibilgailu elektrikoaren erabilera sustatzea, bertakoen plazak kargatzeko azpiegituraz hornituz, eta, horrela, hiriaren trantsizio energetikoa laguntzea.
4. Gauez aparkatzeko tarifa murriztu bat sortzea aparkalekuetan TAO bertakoentzat.
5. Behar bereziak dituzten kolektiboentzako (merkataritza, araututako lur gaineko aparkatzeko guneetako bertakoak…) eguneko abonu malguak sortzea, hileko abonua baino prezio egokiagoan.
6. Plazen aurretiko erreserba sustatzea, agitazio-trafikoa murriztuz, bereziki ekitaldiak eta okupatze handia dauden egunetan.
7. Aparkatzeko aplikazio bakarra izateko lan egitea, aparkalekuen sarrerak eta irteerak bizkortzeko, zirkulazioa arinduz.
Cervantes plazako aparkalekua martxan jartzea
Datorren asteartean, uztailak 2, Tokiko Gobernu Batzarrak Cervantes plazako lurpeko aparkalekuaren emakida aldatzea onartuko du adostutako aldaketak ezartzeko, besteak beste, udan tarifak igotzea, aparkaleku zerbitzua beste garraiobide batzuetara zabaltzea, abonu berriak sortzea edo ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak ezartzea.
Aparkaleku horrek 619 plaza ditu bertakoentzat, 654 errotaziokoak eta 52 bizikletentzat, eta errotazio plazen %5 (33) beste garraiobide moten plazetarako erabiliko da: 56 motozikletetarako, 76 bizikletetarako (52 lehendik daudenak + 24 berri) eta hamar patinete elektrikoetarako.
Plaza horiek sarbide mugatua izango dute, itxiak izango dira eta sartzeko ate bat izango dute sarrerak kontrolatzeko sistema elektroniko batekin. Gainera, hileko abonu espezifikoak izango dituzte, eta aparkaleku esklusiboa eskainiko dute (beste ibilgailu mota batzuekin partekatu gabe). Aurreikuspenen arabera, abonu horien prezioa 12 euro ingurukoa izango da hilean bizikleta eta patinete elektrikoentzat, eta 55 euro ingurukoa motozikletentzat eta ziklomotorrentzat.
Neurri deigarrien artean, parkingen tarifen igoera da: uda honetako tarifak (ekainaren 1etik irailaren 30era) %23 igoko dira 2023koekin alderatuta, data horietan aparkatzeko eskari handiak trafikoan eragiten duen eragina murrizteko asmoz, eta disuasio aparkalekuak eta garraio publikoa erabiltzea sustatzeko.