Ertzaintzak gezurtatu egin du Barkaiztegiko lapurretei buruz zabaldutakoa
Martutenen, Barkaiztegi bidearen inguruan ustez gertatutako hainbat lapurretaren inguruko informazioa zabaldu da azken asteotan, eta segurtasun faltaren sentipena areagotu egin da auzoan. Aldiz, Sarroeta auzo elkarteak jakinarazi duenez, Ertzaintzarekin harremanetan jarri dira eta Ertzaintzak berak gezurtatu egin du informazio hori: “Lehenengo albistea agertu zenetik, begiratzen aritu gara, eta ez dago modus operandi horren inguruko intzidentziarik jasota duen Poliziarik, dirudienez, segurtasun falta besterik sortzen ez duen gezurra da”.
Hain zuzen ere, sare sozialetako zenbait erabiltzailek zabaldu dute Barkaiztegiko tren geltokiko semaforoan lurrera botatzen direla ustezko lapurrak, autoak gelditu daitezen, eta, gelditzerakoan, lapurtu egiten dietela gidariei. Hor inguruan, kale egoeran dauden gazte migrante ugari bizi dira eraikin abandonatu batean, eta eurengan jarri dute fokua erabiltzaile horiek. Ordea, aipatu moduan, gezurra da. Gezurra asko zabaldu da, hain zuzen ere, Basozabal golf klubak bere bazkideei azken egunotan gomendatu baitie Barkaiztegi bidea ez erabiltzeko instalazioetara joateko, ustezko lapurreta horiengatik.
Azkenaldian, segurtasun faltaren sentipena ugaritu egin da Martutenen, besteak beste, benetako lapurretak gertatu direlako —gizon heldu bat jipoitua ere izan zen bere etxean lapurtu zutenean—, baina baita zenbait hedabidek eta norbanakok gorroto diskurtsoak zabaldu dituztelako ere. Horren aurrean, bizilagun ugari, Sarroeta auzo elkartea buru, irtenbide integral baten alde mobilizatzen ari dira Martutenen. Antzeko egoerak ematen ari dira, Egian eta Herreran, eta auzo horietan ere irtenbide integralen alde antolatzen ari dira herritar ugari.