ELA, LAB eta CCOO sindikatuek hondartzetako sorosleen lehen hitzarmena sinatu dute
Donostiako hiru hondartzez gain, Gipuzkoako osoko hareatzeetako sorospen jarduerak arautuko dituzte akordio berriarekin.
ELA, LAB eta CCOO sindikatuek Gipuzkoako hondartzetako sorospen eta salbamendu jarduera arautzen duen lehen hitzarmena sinatu zuten atzo. Akordioak, sindikatuek azaldu duten moduan, sektoreko langileen erosahalmena bermatzeaz gain, esparru juridiko argia eta egonkorra eskaintzea du helburu. Era berean, egun Gipuzkoako udalek kudeatzen dituzten hondartzetan lan egiten duten kontratu guztien lan baldintzak berdinduko ditu.
Dokumentu horrek, bestalde, sektore hori titulartasun publikoko kiroldegietatik bereiziko ditu hondartzetako sorospen eta salbamendu lanetan ari diren langileak. Sindikatuek akordioaren irakurketa positiboa egin dute eta etorkizunean lagungarri izango delakoan daude: “Hitzarmen hau sinatzea urrats erabakigarria da, etorkizuneko negoziazioetarako aurrekari positiboa baita eta sindikatuek lan eskubideen defentsan duten konpromisoa indartzen baitu”.