Espetxean sartu dute Martuteneko ezbeharraren erruduna
Ekainaren 22an, 28 urteko gizon batek 35 urteko beste bat autoarekin harrapatu zuen, eta eragindako zaurien ondorioz hil zen lau egun beranduago.
Kartzelara bidali dute Altzako Egoitz Orbegozoren heriotza eragin zuen 28 urteko gizona. Ekainaren 22an gertatu zen ezbeharra, Martuteneko biribilgunea eta Zorroagako tunela lotzen dituen GI-41 errepidean.
Aurretik eztabaida bat izan ostean, bi gidariek tuneletik ehun bat metrora gelditu zituzten euren autoak, eta 28 urtekoak Orbegozoren eta haren familiaren ibilgailua kolpatu zuen bere ibilgailuarekin. Orbegozo autotik jaitsi eta 28 urteko gidariaren autoaren aurrean jarri zen, ihes egin ez zezan. Ordea, honek aurrera egin zuen bere autoarekin, bera harrapatu zuen eta ihes egin zuen. Handik gutxira, aldiz, Udaltzaingoak Amara Berrin atxilotu zuen erasotzailea. Orbegozo ospitalera eraman zuten egoera larrian eta, ekainaren 26an zendu zen.
28 urteko gizona larunbatean bertan atxilotu zuten, epailearen aurretik pasatu zen, baina aske utzi zuen, karguekin. Hasiera batean, biktima zaurituta zegoen eta ez zuten baztertzen etorkizunean lekuko gisa deklaratu ahal izatea, baina guardiako fiskalak ez zuen eskatu ikertua behin-behinean espetxeratzeko, bere ustez ez baitzegoen “ihes egiteko arriskurik”, guardiako epaileak ere ulertu zuen bezala.
Biktimaren heriotzaren berri izan ondoren, auzia Bide Segurtasuneko Fiskaltzaren esku jarri zuten. Biktima hil ondoren auziak hartu duen itxura ikusita, epaileak espetxeratzea erabaki du orain.