5,3 milioi euro bideratuko dituzte enplegua sustatzeko eta ekintzaileei laguntzeko
EKINN Talent eta EKINN Harrera ekimenekin, Donostiak 225 lanpostu kualifikatu sortuko ditu eta ekintzaileen 5.000 kontsultari erantzungo die.
Udalak, Donostia Sustapena sozietatearen laguntzaz, 2,1 milioi euroko diru laguntza lortu du Eusko Jaurlaritzaren Europako Plus Gizarte Funtsa 2021-2027 (FSE+) programaren bitartez. Gainerako diru ekarpena Donostia Sustapenak egingo du.
Diru laguntza horrekin, bi proiekturen %40a batera finantzatuko da; bata talentua erakartzearekin eta garatzearekin lotuta dago (EKINN Talent), eta, bestea, berriz, ekintzailetzan proiektuak laguntzearekin, EKINN Nodoko Ekintzaileari Arreta Emateko Bulego berriak (EKINN Harrera) eskaintzen dituen zerbitzuen bidez.
Euskadiko FSE+ programaren helburuak, besteak beste, hauek dira: enplegua erraztea eta finkatzea, biztanleria aktiboaren kualifikazioaren eta lan merkatuaren beharren arteko desoreka murriztea, gazteen enpleguaren kalitatea hobetzea, eta kolektibo kalteberak lan merkatuan sartzea.
Ane Oiarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak adierazi du Donostiak “enplegu berritzaile eta kalitatezkoaren aldeko apustua” egiten duela, talentua erakartzeko eta aukera berriak eskaintzeko, bereziki gazteei eta emakumeei: “Gure hiriaren etorkizuna gazteek beren lanbide eta bizitza proiektuak garatzeko bideak aurkitzearekin eta emakumeen talentua erabat sartzearekin lotuta dago”. Azaldu duenez, EKINN Talentekin eta EKINN Harrerarekin, Donostiak 225 lanpostu sortuko dituela uste dute, bost urtetan. “Berrikuntza bezalako sektoreetan kalitatezko enplegua sortzea da biderik eraginkorrena, gazteak eta emakumeak profesionalki modu bidezkoan eta eskubide osoz garatu ahal izateko”, gehitu du.
Testuinguru horretan, eta FSE+ programan sartzen diren jarduera ildoen barruan, Donostia Sustapenak 2029ra arte gauzatzen joango diren bi proiektuetarako laguntzak onestea lortu du: EKINN Talent eta EKINN Harrera.
EKINN Talent
EKINN Talenten helburua proiektu berritzaileak garatuko dituzten langile kualifikatuak kontratatzea da, eta, hala, Donostiako talentua erakarri eta garatzen laguntzea. 2.578.660 euroko aurrekontuarekin, eta FSE+ funtsak %40 (1.031.464 euro) finantzatuta, tokiko enpresek eta erakundeek sustatutako proiektu berritzaileak babestuko ditu.
EKINN Harrera
Ekintzailetza proiektuei laguntzeko programa da, Ekintzaileari Arreta Emateko Bulegoan bideratua, eta eskaintzen dituen zerbitzuak (informazioa, prestakuntza, aholkularitza eta abar) ekintzailetzarekiko kezkak dituzten pertsonek dauzkate eskuragarri. Ekintzaileari Arreta Emateko Bulegoaren bidez, pertsona edo proiektu bakoitzak bere ibilbide eta laguntza pertsonalizatua aurkituko du. Programak 2.758.732 euroko aurrekontua du, FSE+ funtsak %40 (1.103.492 euro) finantzatzen du, eta programa gauzatzeko epea 2029ko abenduaren 31ra artekoa da. Bost urtean 5.000 arreta zerbitzu ematea dago aurreikusita.