Beste asteburu biribil bat ondu du Donostia Arraun Lagunakek
Donostia Arraun Lagunak, Donostian jokatutako estropada irabazi ostean.Euskotren liga Beste behin ere, asteburu ezin hobea egin du Donostia Arraun Lagunakek, eta beste bi bandera irabazi ditu; lautik lau daramatza denboraldi honetan, eta guztia irabaztera doazela erakusten ari dira.
Larunbatean, etxean lehiatu ziren, Kontxako badiako uretan itsaso zatarrarekin, eta estropadan nagusi izan ziren hasieratik. 12:53,38 minutuko denbora eginda helmugaratu ziren, T0losaldea bigarrenari ia zortzi segundoko aldea aterata, Orio hirugarrenari hamaika segundokoa eta Donostiarra laugarrenari minutu erdikoa.
Hurrengo egunean, igandean, Zierbenako banderan lehiatu ziren traineruak, eta, berriz ere, donostiarrak nagusitu ziren, 10:41,82 minutuko denbora eginda. Donostiarra laugarren izan zen berriz ere, baina estuagoa izan zen Tolosaldearen, Orioren eta Donostiarraren arteko lehia: Tolosakoak Donostia Arraun Lagunaketik zazpi segundora helmugaratu ziren, Oriokoak ia bederatzi segundora eta Donostiarra bederatzi segundo eta erdira. Horrela, ligako lidergoan sendo dago Donostia Arraun Lagunak, eta laugarrena da Donostiarra.
Bestalde, gizonezkoetan, Donostiarra ez zen gai izan lehenengo lauren artean sartzeko ez Donostian eta ez Zierbenan. Donostian, seigarren izan zen (bere txandako azkena), Bermeo irabazletik ia minutu batera. Zierbenan, aldiz, bosgarren izan zen (bere txandako hirugarrena), Bermeo garailetik ia 22 segundora. Ligan, bosgarren postuan daude donostiarrak.


