Igarotako bidearen kronologia bat

Errekalde eta Galarreta lotzeko bizikleta eta oinezkoentzako bidea 2026an gauzatuko dute

Aldundiak 4,7 milioi euro inbertituko ditu obra horretan, eta hasierako proiektua aldatu du, bide berriak hiru metroko zabalera izan dezan.

errekalde-galarreta04_2024 Errekaldetik Galarretarako bidea, gaur egun.Eguzki

Donostia eta Hernani lotuta egongo dira 2026tik aurrera, Txillida Leku aurretik pasatuko den espaloidun bidegorri baten bidez. Añorgako Errekaldeko zonaren eta Hernaniko Galarretako eremuaren artean, gaur egun, GI-2132 errepidetik baino ezin da pasatu. 

Jasangarritasun Sailak egindako aldaketei esker, 1,3 kilometroko ibilbide osoan, gutxienez hiru metroko zabalerari eutsi ahal izango dio bidegorriak. Eguzki plataformak adierazi duenez, gutxienez lau metroko zabalera beharko luke bideak, oinezkoek eta txirrindulariek elkarren artean arazorik eduki ez ditzaten.

Hasierako proposamenak 1,8 metrora arteko estutzeak planteatzen zituen zenbait zatitan, batez ere, etorkizuneko bidegorria lehendik zeuden jabetzekin eta ekipamenduekin marruskatzen zen tokietan, hala nola, Espainiako Defentsa Ministerioak Lore Tokin dituen lursailak. Hala ere, bidearen zabaltze hori “berri on bat” dela adierazi du Eguzkik. Konponbide tekniko berriek gatazka horiek konponduko dituzte, baina ia %10ean garestituko dute gauzatzea, 4,7 milioi euroraino.

Proiektuaren memoriaren arabera, ibilbidea zortzi sektoretan banatzen da, eta 9.857 metro kubikoko indusketak egin beharko dituzte, esaterako. Eraikitzeko epea hamabost hilabetekoa da, baina jarduna bi fasetan (Errekalde-Txillida Leku eta Txillida Leku-Galarreta) banatzeko aukera aurreikusi dute. Fase horiek sei eta hamar hilabetekoak izango lirateke, hurrenez hurren.

Bide segurtasuna hobetzea

Etorkizuneko bidea Errekalderako noranzkoan doan erreiarekin paraleloan joango da, eta diseinuan hainbat helburu hartu dituzte kontuan, hala nola zirkulazioaren gaineko talkak gutxitzea eta GI-2132 errepidearen eta bizikleta eta oinezkoen ibilbide berriaren bide segurtasuna hobetzea. 

Txillida Lekuko sarbideen eremuan, bidegorriaren ibiltartea, museorako sarbidea eta autobus geltokia batera egongo dira, eta bidegorria gurutzatzen duen gasolindegiak ere martxan jarraituko du. Galtzadaren lerro zuriaren eta bide berria bereizteko hesiaren artean, gutxienez, metro bateko zabalera duen bazterbide batek babestuko ditu txirrindulariak eta oinezkoak.

Jarduera hau Foru Aldundiak 2002. urtetik garatzen dituen bizikletaren erabilera sustatzeko politiken barruan kokatzen da, eta, hala, aisialdirako erabilera ere sustatzen dute. Erronka horrekin idatzi ziren Gipuzkoako Bizikleta Bideen Sarearen Plana eta, ondoren, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana, bidegorri zati batzuk egiteko oinarri izan zirenak.

HITZAkide HITZAkide